Herrirari babesa adierazi zaio, eguerdiko lan uztean

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 4a, 00:00

Herriraren aurka astelehenean buruturiko polizia operazioa giza eskubideen aurkakoa dela salatu da gaur eguerdian udaletxe aurrean deitua zegoen elkarretaratzean. Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak lantokietan deitua zuen ordu erdiko lan uztearen baitan egin da mobilizazioa, Joxe Martin Sagardia plazan. Hainbat herritar bildu dira hitzorduan, pankartako aldarriak zioen moduan, "euskal presoen eskubideen eta konponketaren alde!" eta eskuetan, presoen eskubideen alde lanean diharduen bilguneari elkartasuna adierazten zioten kartelak zituztela, "Herria aurrera" aipamenarekin.

Mobilizazio amaieran, poza agertu da astelehenean atxiloturiko lagun gehienak jada etxean daudelako. Baina kezka ere bai aldi berean, auzi hau ez delako hemen amaitzen. Atxiloturiko lagun gehienak aske daude bai, baina eurenak diren hainbat eskubide murriztuta. Gertatu dena salatu eta presoen eskubideen aldeko lanari babesa adierazteko gaurko eta biharko deituta dauden ekimenetan parte hartzeko gonbita luzatu da.

Michelinen eta Luzuriagan ere elkarretaratzeak
Lan uzteekin bat egin dute baita, Michelin eta Luzuriagako hainbat langileek, arratsaldeko 14:00en bueltan lan errelebo aldaketa unean hain zuzen. Bi guneotako langileak ere "euskal presoen eskubideen eta konponketaren alde!" bildu dira lantegi atarietan.