Milaka elkartasun tanta, Herrirari eta presoen eskubideei babesa adierazteko

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 7a, 00:00

Milaka herritar batu ziren, 65.000 lagun ere zenbatu zituzten larunbatean Herriraren, presoen eskubideen eta konponbidearen alde Bilbon burutu zen manifestazio nazionalean. Mobilizazioaren buru, kultura eta kirol munduko hainbat aurpegi ezagun; Joseba Tapia, Pello Ospital, Txerra Bolinaga, Ines Osinaga, Mikel Eseverri, Pello Reparaz eta Enrique Villareal, "El Drogas"; Axi Muniain surfista, Juan Bautista Berasategi zinegilea; Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Julio Soto bertsolariak; Oier Zearra pilotaria, Irati Anda eskalatzailea; Eneko Sagardoi eta Itziar Ituño aktoreak; Eva Ferreira futbolaria; Lutxo Egia eta Irati Jimenez idazleak.

Euren atzetik, aste hasieran atxilotu, eta ostegunean aske utzi zituzten 18 euskal herritarrak. Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak inputaturiko lagunok, mobilizazioa deitu zuten hamarnaka eragile politiko, sindikal eta gizarte eragileen babesa eta elkartasuna jaso zuten. Baita bertaratu ziren milaka euskal herritarrena ere. Tartean, baita autobusez Bilbora joandako hainbat usurbildarrena ere.

"Tantaz tanta euskal preso eta iheslarien eskubideen alde" lemapean burutu zen, Herriraren aurkako polizia operazioa gertatu zenetik burutu diren elkartasun astea borobildu zuen manifestazioak. Aipatu moduan, hainbat ekimen antolatu dira azken egunotan. Usurbilen baita. Manifestazio nazionalaren bezperan, "Tantaz Tanta gunea" antolatu zen herrian. Hainbat ekimen burutu ziren; bertso musikatuen saioa edota ondoko argazkian ageri den murala margotzen aritu zen herritar talde bat larunbat goizean. Murala elizako horman zintzilikatu zuten gero, eta amaieran, ondoko irudirako bildu zen herritar taldea, eskutan "Konponbideari erasorik ez" lema osatu zutela.

Lan uzteak
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak iragan ostiralerako deituriko ordu erdiko lan uzteen baitan, mobilizazioak burutu ziren udaletxe eta lantokietan. Usurbilen, Joxe Martin Sagardia plazan hainbat langile, gazte eta herritar bildu diren. Elkarretaratzeak egin ziren baita, Michelinen eta Luzuriagan. Mobilizazio guztiok, "euskal presoen eskubideen eta konponketaren alde!" egin ziren.