Astelehen galanta izango du asteburuan Aginaga aldean ibili den batek baino gehiagok. Lasai hartu, beste erremediorik ez dago. Lau egun geratzen dira aurretik, indarrak batu eta San Praixkuetako bigarren eta azken asteburuari ekiteko. Joan denari buruz, ostegun eta larunbat gauean jendetza bildu zela esan beharra dago. Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa saioak ludoteka bete zuen. Eta jendetza bildu zuen baita, larunbateko herri afarian eta baita afalostean. Aurretik, jendea eta zaletuak Oria ertzean bildu ziren, trainerilla txapelketa ikusteko. Aginagarrak bandera irabaztear izan dira aurten, baina Hondarribikoak aurreratu zaizkie. Kontxako Banderarekin batera, Aginagakoa ere Txingudi aldera joan da.
Eta joanak behar dute honez gero, Iparraldetik asteburu pasa Aginagara etorritako lagun taldea ere: Jean-Christian Galtxetaburu, Mixel Etxekopar, Pierre Vissler eta Joanes Etxebarria. Aginaga eta aginagarrak erretratatzen aritu dira. Irudiak grabatzen, lekukotzak biltzen, osatzen ari diren Euskal Herriko "atlas geopoetikorako". Pagolan eta Arnegin grabatzen aritu ostean, Aginagan egon dira hiru egunez. Euskal Herriko beste hainbat lekuetara ere jotzeko asmotan dira. Jasotako guztia, argitalpen batean bildu nahi dute etorkizunean, eta eginiko lanaren emaitza sarean ere zintzilikatzekotan dira. NOAUA!ri adierazi diotenez, Aginagak liluratuta utzi du Iparraldeko lagun koadrila. Aginagarren berezko nortasunaz jabetzearekin batera, Aginagan "mundu ezberdinak" nahasten direla diote. Errioa eta bertako bizitza, Kaxkoa, landa eremua eta bateko zein besteko herritarrak, ohiturak, historia...
Herritarrekin elkarbizi izan dira hiru egunez. Emanaldia ere eskaini zuten larunbat iluntzean ludotekan. San Praixkuetako hainbat ekitaldietan parte hartu dute baita. Aginagarrek herri kiroletarako duten sasoiaren lekuko izan dira, edota usadio zaharrek nola bizirik jarraitzen duten ere ezagutu ahal izan dute. Oilasko biltzaileez ari gara. Urriaren 5eko goizean osatu zuten etxez etxeko ibilbidea.
Datorrena...
Haurren Egunarekin itzuliko da jai giroa Aginagara. Egun batez, herri ikastetxeko haur eta gaztetxoek ez dute klaserik izango. Ostirala jolasean pasako dute eta. Urriaren 11ko iluntzerako hiru hitzordu; Dj Kankar afalaurretik, bertso-afaria gero Eliza zaharrean, eta Itzartu taldekoekin, erromeria goizaldera arte. Parranda giroa baita, San Praixkuetako azken gauean, larunbatean, Abiba DJ eta Dj Larrarekin. Aurretik, musa eta Gorritiren animaliak arratsaldean:
Urriak 11, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Umeen jolasak.
13:00 Haurrentzako bazkari goxo-goxoa indarberritzeko.
17:00 Puzgarriak.
Ondoren, primerako txokolatada eta buruhandi bizi-biziak. Hasi korrika!!!
19:00 Dj Kankar ume eta ez hain umeak dantzan jartzeko.
21:00 Bertso afaria Eliza Zaharrean, barre pixka bat egiteko aukera giro ederrean. Bertsolariak: Manex Mujika, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”.
Ondoren, dantzaldia Itzartu taldearekin Eliza Zaharrean.
Urriak 12, larunbata
16:00 XXXIII. Mus Txapelketa herrikoia.
18:30 Gorritiren animaliak, ea aurtengoan ere giro polita sortzen dugun.
Gauerdian, Abiba diskofesta.
Ondoren, Dj Larra Eliza Zaharrean.
Aukera bikaina gau guztia dantzan igarotzeko!!!
Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.