LOMCEren aurkako manifestaziora joateko autobusa Usurbildik

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 7a, 00:00

Larunbat arratsaldeko 17:30etarako deitu dute LOMCE hezkuntzako lege erreforma berriaren aurkako manifestazioa Bilbon. Jesusen Bihotzetik abiatuko da mobilizazioa, "Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE-ri ez!” lemapean. Hitzordu honekin bat egin du herriko ikastetxe, herritar, eta sektoreko eragileak elkartzen dituen Usurbilgo Hezkuntza Mahaiak, eta bilgune honetako ordezkariek, urriaren 12an Bizkaiko hiriburura joateko autobusa antolatu dute. Arratsaldeko 16:00ak aldera irtengo da Bordatxo ondoko errotondatik. Urriaren 9a (asteazken hau) baino lehen eman beharko da izena, Udarregi Ikastolan, Aginaga eta Zubietako Herri Ikastetxeetan, eta Bordatxo tabernan. Autobuseko prezioa, egunean bertan zehaztuko dute. 

Eragileok deitu dute aipatu mobilizazioa: Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, Bihe, Sarean, Ikasle Abertzaleak, Nize, ELA, LAB, STEE-EILAS, UEU, Hik Hasi, CCOO eta Kontseiluak. Manifestazioa, aldaketarik ez bada, Espainiako Diputatuen Kongresuak legedi berria onartu berritan burutuko da. Ostegun honetan, urriaren 10ean onartuko baitu LOMCE delakoa Madrilek. PPk duen gehiengo absolutua baliatuta eta UPyDren babesarekin, oposizio osoa aurka dutela. Ez bakarrik eragile politikoak. Begiratu besterik ez dago, larunbaterako Bilboko manifestazio nazionala, zenbat eta zer nolako eragileek deitu duten. Sindikatuak, eta hezkuntza munduko eragile anitz daude tartean.


"LEGE HAU BERTAN BEHERA UZTEKO EXIJITZEN DUGU"
Udarregi Ikastolatik Bilboko manifestaziora joateko gonbita luzatu dute, kaleratu duten ohar honen bidez:

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen
LOMCE hezkuntza erreformarekiko aurkakotasuna. Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformizatzailea,
atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uzteko exijitzen dugu eta inola ere ez
dugu onartzen Euskal Herrian inposa dezaten.

Hau honela, ekainean aurreratu moduan, hezkuntza komunitate osoari eta euskal herritarrei dei egiten
diegu urriaren 12an Bilboko kaleak betetzera LOMCEri aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko, eta
hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.

Mobilizazio honen bidez, gure desadostasuna agertzeaz gain, Euskal Herriko alderdi politikoei eta
Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure
herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplikatu, eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela.
Modu berean, hezkuntza eragileok konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian
aplikatu ez dadin estrategia komunak lantzeko.

Bestalde, azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok konpromisoa
adierazi nahi dugu eraso hauei guztiei aurre egingo dien eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun
hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso gehiago emateko.
Honegatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori
datorren urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan, Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun: LOMCE EZ! EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI!