Esperientzia Eskolakoen ikasturte hasiera gaur, 16:00etan Artzabalen

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 8a, 00:00

Gaur estreinatuko du ikasturte berria, Usurbilgo Esperientzia Eskolak. Aurrerantzean, saioak astearte arratsaldero izango dira Artzabalen, 16:00-18:00 artean. 50 urtetik gorako herritarrei zuzendua dago doako hezkuntza eta aisialdiko eskaintza hau. Izena emateko deitu Gizarte Zerbitzuetako 943 377 110 telefono zenbakira edo idatzi, gizarte-zerbitzuak@usurbil.net helbidera.

Interesa pizten duten arlo horietan trebatu eta lagun taldea indartu, horretarako eta gehiagorako aukera ematen du Esperientzia Eskolak. Iaz, garai honetan Esperientzia Eskolako koordinatzaile Garazi Elortza elkarrizketatu zuen NOAUA!k. Egitasmo honen inguruko zehaztasunen berri ematen zuen:

ESPERIENTZIA BERRIENTZAT, ADIN MUGARIK EZ
Bost urteko ibilbidea osatu du jada Esperientzia Eskolak Usurbilen. 50 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko eskaintza, hezkuntza eskaintza soil batetik haratago doa. Ikasleak dira eskola honetako ardatz; eurek erabakitzen dute, euren interes guneen arabera zer ikasgaietan sakondu. Baina ez hori bakarrik. Lagun arteko harremanak indartzeko eta udalerriarentzat ekarpen praktikoak egiteko gunea ere bada Esperientzia Eskola. Garazi Elortza koordinatzaileak lerrootan adierazi digunez, Artzabaleko klaseetara proba moduan gerturatzen diren herritar askok, gustura asko jarraitzen dute eskolan.

2008an hasi zineten?
Duela bost urte eta erdi hasi ginen euskaltegiko gela batean. 32 bat hasi ziren. Jarraitzen duenak oso gustura jarraitzen du.

32 asko ezta, egitasmoa berria izateko?
Gelan ez ginen kabitu ere egiten. Hurrengo urtean 28ra jaitsi ginen eta urte hartan jada, Gure Pakea elkartekoei Artzabalen gela bat eskatu genien, Esperientzia Eskolako klaseak emateko.

Eskolan parte hartzeko baldintza bakarra, 50 urte beteak izatea da ezta?
Hori da. 50 urtetik gorakoei zuzendua dago. Ez da ikasketarik eskatzen. Ez dago ez azterketarik, ez da inor arbelera ateratzen eta ez dago etxeko lanik. Jende gehienaren kezka izaten da hori. Hitzaldi estiloko saioak izaten dira, eta gero norberak bere ekarpena egiten du.

Aurten ikusi dugu emakume taldea osatu dela, gizonezkorik ez da animatzen?
Lehenengo urteetan gizonezko bat egon zen, iaz beste bat. Baina ez dute jarraitzen. Baina hori orokorra da. Normalean emakumeak gerturatzen dira Esperientzia Eskoletara.

Zein dira ikasleen interes guneak?
Beraien arteko harremanak sendotzen dira, beraien arteko harreman hartze horrek du garrantzia handienetarikoa Esperientzia Eskolan. Beraien artean sortzen den kimika hori. Ikasgaiak eurek hautatzen dituzte. Ikasleek argi diote; askotan eskolan irakasten ziguten, ez genuen arretarik jartzen edo ez ginen iritsi horretara, eta zenbat ikasten ari naiz orain, inongo presiorik gabe.

Ikasteak ez du adin mugarik?
Adin horretan ikusia dago, asko dakitela eta ekarpen asko egiteko dutela. Iaz adibidez, Gipuzkoako historia irakastera etorri zen irakasle bat. Hasiera batean, ikasle batzuk zioten Gipuzkoako historia, hitz handiak zirela horiek. Gero klasera etorri ziren eta txoratzen. Aurten berriz eskatu dute ikasgaia. Literatura edo filosofiarekin ere berdin pasa zen. Askotan, irakasgaiak uste baino samurragoak egiten zaizkie.

Zer modutan eboluzionatzen dute oro har, Esperientzia Eskoletako kideek?
Eboluzio handia izaten dute. Eskolako denbora tarte hori beraientzat hartzea eta lagunekin egoteak izugarrizko garrantzia du. Eskolan hasten direnean, ikusten dute zer esperientzia aberasgarria den. Pertsona batzuk janzteko era, euren egoera erabat aldatzen da. Hori Esperientzia Eskola askotan bizi izan dugu. Pertsona bat gaizki etorri, eta familiakoak gero galdezka aritzen zaizkigu, ia zer egin diogun euren ama edo aitari. Ez dutela ezagutzen diote, lehen ez bezala, etxean ez direla sartu ere egiten. Begira, aldaketa hori zer positiboa den. Onura handia da.

Aurtengo ikasturtea hasi duzue, baina kide berriak gerturatzeko aukerak irekita jarraitzen du? Edozein momentutan hasi liteke edozein pertsona. Nola ikasgai desberdinak lantzen diren eta ikasgai bakoitza bizpahiru egunekoa izaten den, sartzen den pertsonak ez du ezer galtzen. Jendeari esango nioke, etorri, probatu, ikusi zer den eta gero baloratzea hasi nahi duen edo ez.

HERRIARENTZAT LANEAN
Esperientzia Eskolako kideek, udalerriari ekarpenak egiteko aukera izaten dute. Udaletxera bi proiektu aurkeztu dituzte jada eta aurrerabidean dira gainera. Hirugarren egitasmo bat ere lantzekotan dira. Garazi Elortzak gogorarazten duenez, “beraientzat hori izugarrizko motibazioa izaten da”.

Zer proiektu landu dituzue?
Normalean gizarteari eta udalerriari begirako proiektuak izaten dira. Usurbilgo ikasleek Usurbilerako proiektuak egin dituzte noski. Adibidez, Usurbilen ez dago turismo bulegorik. Turistak etortzen direnean askotan galdetzen dute zer ikusi litekeen herrian. Esperientzia Eskolatik ibilbide bat egin zuten, edonork egiteko modukoa. Herriko eskultura bakoitza nork eginikoa den, zer esan nahi duen markatu eta informazio pixka bat erantsi zioten. Hori izan zen proiektu bat. Ikasleek Esperientzia Eskolan landutako proiektu hau udaletxean aurkeztu zen eta gaur egun udaletxea arlo horretatik zerbait mugitzen ari da eta garrantzia eman diote gure proiektuari. Eta gu txoratzen gaude noski. Bigarren proiektua, helduentzako parkeen ingurukoa da. Udaletxean aurkeztu da eta aurrera eramaten ari dira proiektu hori ere. Non jarriko duten ez dakigu ziur, baina bai galderak egin dizkigutela zer motatako makinak izan beharko luketen, zer iruditzen zaigun. Gurekin kontatzen dutela eta jarraitzen dutela kontatzen, ikusten da. Aurten ere bolo-bolo dabil zer proiektu egin, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu.

Ikasturte bakoitzean proiektu bat lantzen duzue orduan?
Iaz adibidez ez zuten proiekturik. Horren ordez, udal teknikariak ekarri genituen une horretan udaletxean lantzen ari ziren egitasmoak azaltzera.