Buruntzaldeko Ibilbideen seigarren edizioa ospatuko da igande goizean, urriaren 13an, 9:00-14:00 artean. Beste behin, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil lotuko dituzten bost bideetan barrena ibiltzeko aukera egongo da. Bai oinez, edota bizikleta gainean. "Edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu", berri eman dute antolatzaileek. Asko dago ezagutzeko, paraje eder askoak ikusteko. "Bidezidor eta bide ezberdinak ditugu (bost ibilbide ezberdin daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz", gaineratu dute.
Bideetan ez galtzeko, udalerri guztiotan panel informatiboak jarrita daude, baina honez gain, argibideetarako postuak jarriko dituzte igandean, baita mokadutxoa dastatzeko ere. Eta bus zerbitzua gero bueltatzeko. "Partaide bakoitzari abiatzen denean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin; partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarria den, bisera bat jasoko du opari", adierazi dute Buruntzaldeko udalek.
Honako ibilbideok osatu ahal izango dira:
- ANDOAIN – LASARTE-ORIA: Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoak dira.
- ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.
- ANDOAIN – USURBIL. Koloreak, berdea eta laranja; 14,9 km.ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoak dira.
- LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.
- LASARTE-ORIA – USURBIL. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 4,5 km.ko luzera du Santuenearaino eta 9,0 Km.koa Aginaraino; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.
KONTROLAK ETA ANOAK
Herri bakoitzean kontrol une bat egongo da, argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko:
-Usurbilen: Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagan, Mapil baserriaren ondoan.
-Andoainen: udaletxe azpian.
-Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.
-Urnietan: udaletxe azpian.
BUS ZERBITZUA
Ibilbideren bat osatzen duzuenok, amaieran, nor bere udalerrira itzultzeko autobus zerbitua izango da, orduro 12:00-14:00 artean. Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta zeharkatuko ditu busak, ordutegi honetan:
Aginaga (Ezpaldiko gasolindegian): 12:00, 13:00, 14:00.
Usurbil (San Inazioko errotondan): 12:07, 13:07, 14:07.
Lasarte-Oria (Dorretxeko biribilgunean): 12:15, 13:15, 14:15.
Andoain (Goiko Plaza atzealdean): 12:30, 13:30, 14:30.
Urnieta (Kioskoko geltokian): 12:40, 13:40, 14:40.
ANTOLATZAILEAK
Antolatzaileak: Buruntzaldeko Udalak (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil).
Laguntzaileak: Andatza Mendi Elkartea (Usurbil), Euskalduna Mendizale Elkartea (Andoain), Ostadar K.F. Mendiko Saila (Lasarte-Oria), SUPER AMARA (anoa guneetarako hornikuntzak).
Informazio gehiago: www.buruntzaldea.org