Bi hilabete, akordioa adosteko

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 9a, 00:00

Denbora tarte hau hartu dute Zubietako errauste planta egitasmoak aurrez aurre jarri eta lotzen dituen bi aldeek, Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioko (GHK) zuzendaritzak eta UTE Gipuzkoa CGR osatzen duten enpresarien ordezkaritzak, “elkarren artean adostasun bideak aurkitzeko”. Aipatu moduan, GHK-k kaleratu duen prentsa oharraren arabera, akordio batera heldu ziren bi aldeak urriaren 3an eta akordioa, “bi aldeek erakutsitako borondateari esker gauzatu da, eta Gipuzkoaren onerako lan egin nahi izatearen ondorioa da”. Bi erabaki adostu dituzte; batetik, “bi hilabeteko epea ematea elkarri, bi aldeak lotzen gaituen kontratuari amaiera adostua emateko”. Eta bigarrenik, “UTE Gipuzkoa CGR-k, bere aldetik, arbitrajea bertan behera utzi eta Gipuzkoako Bazkundeari eginiko eskaera baztertu du”. Bi hilabeteko negoziazio fasea irekiko da beraz orain, “behar diren bilerak egingo dira, gipuzkoarrentzat onuragarri izango den akordioa lor dadin”.