Hezkuntza erreforma berria onartu dute Madrilen, manifestazioa larunbatean Bilbon

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 10a, 00:00

Madrilgo Diputatuen Kongresuak LOMCE hezkuntza lege berria onartu du. PPk duen gehiengo osoa baliatu du Jose Ignacio Wert ministroak bultzaturiko egitasmoak behar beste babes jaso zezan. 182 boto alde, 137 aurka eta bi abstentzio izan dira bozketan. 

Ia oposizio osoa hezkuntza erreforma berriaren aurka agertu da. Amaiur, besteak beste. Hezkuntza lege berria onartzeko Madrilgo Diputatuen Kongresuan burutzen ari diren eztabaida saioak ondoko irudia utzi du. Amaiur koalizioko bozeramaile Xabier Mikel Errekondo usurbildarrak Franco bizi zen urteetan ikastetxeetan ikasleei jartzen zitzaizkien zigorrak irudikatu nahi izan ditu Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Besoak altxata eskutan liburu astun bana zuela, eta burua jaitsita agertu da gainerako ordezkari politikoen aurrera. Hitza hartu eta euskaraz hitz egiten hasi da usurbildarra, baina antza Kongresuko presidente Jesus Posadak eten egin du Errekondoren diskurtsoa, eta Errekondok "Hori da zuen hezkuntza: obeditu eta isildu. Bestela, zigortuta" erantzun du. Segidan, ondoko argazkian ageri den modu berezi honetan irudikatu du usurbildarrak, LOMCErekiko aurkakotasuna.

Usurbilgo Hezkuntza Mahaiak bat egin du Bilboko manifestazioarekin
Hori Diputatuen Kongresuko protestak. Eta kalean beste hainbeste. Desadostasuna eragin duen legedi berri honen aurkako mobilizazioak deitu dituzte jada. Hego Euskal Herrian, larunbat honetarako, urriaren 12rako, manifestazioa antolatu dute Bilbon sindikatu eta hezkuntza eragile desberdinek. 17:30etan abiatuko da Jesusen Bihotzetik, "Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE-ri ez!” lemapean. Eragileok deitu dute aipatu mobilizazioa: Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, Bihe, Sarean, Ikasle Abertzaleak, Nize, ELA, LAB, STEE-EILAS, UEU, Hik Hasi, CCOO eta Kontseiluak. Usurbilgo Hezkuntza Mahaiak ere bat egin du larunbateko manifestazioarekin eta Bilbora joateko autobusa antolatu dute. Larunbat arratsaldeko 15:30etan irtengo da Bordatxo ondoko errotondatik. Izena emateko aukera zegoen egunotan, Udarregi Ikastolan, Zubieta eta Aginagako Herri Ikastetxeetan, baita Bordatxo tabernan ere. 

Larunbateko manifestazioko deitzaileek, Bilbora joateko gonbita luzatzen dute etzi, "LOMCEri gure aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko":

EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCE EZ!

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna. 

Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uztea exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dadin.

Hau honela, ekainean aurreratu moduan, hezkuntza komunitate osoari eta euskal herritarrei dei egiten diegu urriaren 12an Bilboko kaleak betetzera LOMCEri gure aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.

Mobilizazio honen bidez, gure desadostasuna agertzeaz gain, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Modu berean, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia amankomunak lantzeko.

Bestalde, azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, eraso hauei guztiei aurre egin eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko gure konpromisoa adierazi nahi dugu.
Honegatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori datorren urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun: EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCE EZ!

Euskal Herrian, 2013ko irailaren 20an