Asteburu honetan, Usurbil-Xoxote eta Xoxote-Deba ibilbideak egitera animatu zaretenok, behar beste argibide jaso ahal izango dituzue, Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek gaur arratsaldeko 19:00etarako Sutegin deitu duten bileran. Gainerakoan, urriaren 12 eta 13rako antolatu duten txangoaren inguruko informazioa, www.andatza.com web orrialdean duzue. Atzo itxi zuten, asteburu pasa honetarako izen ematea.
Aipatu moduan, apuntatu direnek larunbatean Usurbildik Azpeitiko Xoxote mendirainoko ibilbidea osatzeko aukera izango dute. Oinez, Oiardo Kiroldegitik goizeko 7:00etan abiatuta. Edota Usurbilen 13:04ko trena hartu, eta gero autobusez, Azpeitiaraino heldu eta handik oinez mendira igotzeko aukera eskaini dute baita antolatzaileek. Larunbat gaua, Xoxoteko aterpetxean pasako dute mendizaleek. Eta igande goizean, Xoxotetik Debarako bidea hartuko dute. Etxera buelta gero.
Irudia: Andatza MKT.