Ucineko ikuskaritza protokoloa adosteko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 10a, 00:00

Ostegun honetan biltzekoak dira Ucin, Usurbilgo Udala eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bana, herrian dagoen ke eta usain txarren gaia lantzeko. Zehazkiago esanda, Ucineko ikuskaritza protokoloa adostu asmo dute urriaren 10 honetarako finkatua dagoen hitzorduan.

Atxegalde ondoan kokatua dagoen lantegiko arduradunek, Udalarekin bitartekaritza lana egitea eskatua zion Eusko Jaurlaritzari. Helburu argi batekin; lantegia ikuskatu ahal izateko protokolo bat adostu nahi du Ucinek. Udalak du ikuskaritzak egiteko eskumena eta gobernu taldetik ondo hartu dute konpontzeke jarraitzen duen gatazka honetan, Ucinek eman duen aurrerapausoa. “Gu prest gaude beti, gauzak ahalik eta modu onenean egiteko”, diote gobernu taldetik. Hiru aldeak, Jaurlaritza, Udala eta Ucin, ostegun honetan biltzekoak dira.

Atzera begira jarrita, gogorarazten dutenez, “lehenago ere enpresarekin ikuskaritza protokolo bat adosten saiatu ginen. Proposamen bat egin genien baina enpresak, ikuskaritza egiteko eskumenik ez genuela zioten. Lehen bezala, orain ere prest gaude adostasun batera heltzeko”. 

Irailaren 11n, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin Gasteizen eginiko bileran jaso zuten Ucinek eginiko eskaera honen berri, Arabako hiriburura bertaratu zen udal ordezkaritzak; Mertxe Aizpurua alkateak, Jose Maria Rivadeneyra ingurumen zinegotziak eta Ibon Goikoetxea alor bereko udal teknikariak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusiko ingurumen zuzendari, abokatu eta teknikarirekin bildu zen Usurbildik joandako taldea. 

Jaurlaritzaren eta Udalaren arteko irailaren 11ko bilera honetan hitz egindakoak, hitzordu berri bat finkatzea ekarri du ostegun honetarako, urriaren 10erako. Hiru aldeak biltzekoak dira egun horretan: Udala, Jaurlaritza eta Ucin. Bertan, ikuskaritzak zer modutan egin adostu nahi dute. Ikuskaritzak egiteko eskumena Udalak du aipatu moduan. Eusko Jaurlaritzak ikuskapenak Udalarekin batera egiteko prestutasuna adierazi du. 

Jaurlaritzak ez du ke beltzik ikusten
Maiatzetik zuten eskatua irailaren 11ko bilera hau, hain zuzen Ucinek Jaurlaritzan eginiko beste eskaera baten harira. Hondakinak kudeatu ahal izateko baimena jasotzea galdegin baitzuen aipatu lantegiak, “hondakinak labean funditzeko baimena” udaletik zehaztu dutenez. Eta honen aurka agertu da Udala Jaurlaritzaren aurrean. Hondakinak urtzeko baimenik ez ematea galdegin zioten Jaurlaritzari, irailaren 11ko bileran. 

Orain arte zuten baimen bateratuan, “aluminiozko txatarra baino ezin zuten urtu”. Udalak emandako lizentzian gainera, “txatarraren garbitasuna kontrolatzeko hainbat neurri jarri genituen”. Gobernu taldearen ustez, txatarraren kalitatea eskasa eta zikina baita. Karga sistema bezala, eskasa eta irekia Udalaren esanetan. Hondakinak erretzeak gainera, ke gehiago eragiten du. Hau guztia azaldu zion udal ordezkaritzak Gasteizen, aurrean zituen Jaurlaritzako kideei. Eta honen harira bi eskaera nagusi egin zitzaizkion udaletik; batetik Ucinek indarrean duen baimen bateratua urratzen ari dela eta, aipatu baimena betearazteko beharrezko neurriak hartzea. Udaletik diotenez, “euren baimen bateratuak kea ateratzea debekatzen du”. Eta bigarren eskaera, txatarra ikuskatu ahal izatea zen. 

Albiste gazi-gozoak jaso zituzten Jaurlaritzatik. Aipatu moduan, ikuskaritzen gaia bideratzen hasia dela dirudien artean, baimen bateratua betearazteko eskaera bere horretan geratu liteke. Ez atzera ez aurrera. Antza, Udaletik berri eman dutenez, Eusko Jaurlaritzak Ucini hondakinak tratatu ahal izatea baimentzeko asmoa du. Gasteizko teknikarien ustez, “hondakinak erabiltzeak ez du ke gehiago ateratzea eragin behar. Aldiz, txatarra garbia edo hondakin erabiliak baliatzea desberdina dela, nahiko argia da guretzat. Baina beraiek ez dute horrela ikusten eta baimenduko dute”, gobernu taldetik iragarri dutenez. Jaurlaritzatik diotenez, Usurbilen aire kalitateari loturiko arazorik dagoen erakusten duen datu objektiborik ez dago. Are gehiago, Gasteizen esanetan hamar bat bisita egin dituzte Ucinen eta diotenez, “ez dute inoiz ikusi guk ikusi dugun ke beltz hori”. Eta horrek ondorio argia du; “urraketarik dagoenik ikusten ez dutenez, ezin diote ezer exijitu enpresari”. 

Jaurlaritzak pauso hau ematen badu halere, izango du ondorio positiborik Udalaren ustez. “Hondakinak tratatzeko baimena ematen bazaie, horrekin batera kontrol zorrotzagoak ezarri beharko zaizkie Jaurlaritzatik”, ohartarazi dute udaletik. Hondakinen inguruko informazio guztiak erregistratua egon beharko du. Hau guztia Ucinek nola gauzatu asmo duen, informazio osoa eskatua dio Udalak Jaurlaritzari.

Herritarren kexek, etenik ez
Amaitu berri den udan ere, Udaleko telefonoak jotzen jarraitu du. Ucini loturiko herritarren kexa gehiago jaso dituzte uztailean. Abuztuan lantegia itxita egon zen. Dei haietako baten arabera, uztailaren 26an antza, leherketa bat entzun omen zen. Herritar batek hala esan ostean Udalak inguruko lantegiekin harremanetan jarrita berretsi ahal izan zuen. Ucin enpresatik bestelakorik diote halere. Haiek ez dute aipatu eztanda honen berririk. 

Herritarrek usain txarrik edo kerik sumatzen badute, udaltzaingora deitu besterik ez dute; 943 361 112. Kexak jasota, orain arte bezala, Udalak argazkiak atera eta Eusko Jaurlaritzara bidaltzen segitzen du. “ eta enpresari ere azalpenak eskatzen dizkiogu, nahiz sistematikoki ez duten erantzuten”.  Gai honi loturiko hurrengo hitzordua, urriaren 10ean.