Bada zer hobetua autobus zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 10a, 00:00

Geltoki aldaketak, autobus zerbitzu desberdinen arteko koordinazioa, zerbitzu bakoitzari buruzko informazioa modu argiagoan jartzea... Herritarrek hauek eta beste hainbat eskaera egin zituzten atzo, Usurbilen dugun autobus zerbitzua hobetzeko Potxoenean antolatua zegoen saioan. Uste baino jendetsuagoa suertatu zen hitzordua. Foru Aldundia, Aztiker eta Usurbilgo Udalarekin batera, herriz herri halako saioak antolatzen ari da. Inguruotan ditugun bus zerbitzuak hobetu nahi dituzte, eta horretarako, erabiltzaileen edota oro har, herritarren ekarpenak, proposamenak biltzen ari dira. 

Jasotako herritarren ekarpenak, aurreproiektuan txertatzeko 
Gipuzkoako 56 udalerrietan egitekoak dira herritarren parte hartzean oinarrituriko saio hauek. 2014an hainbat kontratu berritu behar ditu Aldundiak bus zerbitzu desberdinetako enpresekin. Eta unea baliatu dute Diputaziotik, gai honetan herrialde mailan parte hartze prozesu bat abiatu eta zerbitzuok hobetzeko. Aipatu moduan, atzorako zuten antolatua Usurbilgo saioa. Guztiz parte hartzailea izan zen. Potxoenera bertaratu ziren herritarrak taldeetan banatu, eta autobus zerbitzua hobetu ahal izateko hainbat puntu aztertu zituzten; mugikortasun ohiturak, ibilbideak, geltokiak, ordutegiak, prezioak, autobusak nolakoak diren... Gaiotan zer hobetu daitekeen, herritarren ahotik proposamenak jasotzen aritu ziren saioa gidatu zuten Aztikerreko ordezkariek. 

Bereziki, eskualde barruko eta eskualdeak Donostiarekin duen komunikazioan zer hobeturik ba ote den aztertu nahi izan zen. Usurbili dagokionez, hiru autobus linea hartu zituzten aztergai gisa; Lurraldebus, hau da, Zumaia-Donostia lotzen dituen zerbitzua; Usurbil ospitaleekin lotzen duena; eta Usurbil-Hernani artekoa. Hain zuzen, linea hauek baliatzen ditu hainbat usurbildarrek. Bereziki, Donostiara, Lasartera, edota erietxera joateko.

Atzoko saioa, herritarren proposamenak eta iritziak biltzeko baino ez zen. Gipuzkoa mailako parte hartze prozesu honen hasiera baino ez da hau, lehen fasean baikaude. Han eta hemen, hileotan Gipuzkoako 56 udalerrietan antzeko bilerak egingo dira herritarrekin. Jasotako ekarpenekin aurreproiektua idatziko dute, eta aurreproiektu horrekin Aztikerrekoak beste bilera erronda bat egingo dute aurrerago. Usurbilera datorren 2014ko martxoa, apirila aldera itzuliko dira. Aurreproiektua osatzeko, herritarrek izan ditzaketen ekarpenak biltzera. 

Gai honi buruzko informazio gehiago: http://www.garraioahobetzen.net/eu/