LOMCE "eraso larria", Usurbilgo EH Bildurentzat

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 10a, 00:00

"LOMCEren proiektua oso-osoki errefusatu egiten dugula adierazi nahi dugu, eta bertan behera utz dadin exijitzen dugu", horixe dio Usurbilgo EH Bilduk, Madrilgo Diputatuen Kongresuan gaur onartzera doazen hezkuntza lege berriari buruz. Modu honetan, gai honen inguruan Amaiurrek Madrilgo Diputatuen Kongresuan, eta EH Bilduk bai Nafarroako Parlamentuan eta Gasteizko Legebiltzarrean defendaturikoarekin bat egiten du udalerri honetako koalizioak. Eta bat egiten du baita, larunbatean, "Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE-ri ez!” lemapean Bilboko Jesusen Bihotzean 17:30etan deitua dagoen manifestazioarekin ere. Bizkaiko hiriburura joateko deia egiten diete usurbildarrei.

Eraso larritzat jotzen dute "Wert Legea" izenez ezagutzera eman den proiektua eta hezkuntzaren kontzepzioan ideologikoki atzerakada sakona suposatzen duela diote. Hego Euskal Herriko beharrak ez ditu aintzakotzat hartzen, ikuspegi erabat uniformizatzailea du, zentralista, Usurbilgo EH Bilduren esanetan.

Hona hemen, gai honen harira koalizioak kaleratu duen oharra;

Proiektu hau eraso larria dela uste dugu. Gure beharretatik, gure errealitate sozial eta linguistikotik erabat urrun dagoen legea da. Denontzako kafea ezarri nahi du Estatuak, ikuspegi erabat uniformizatzailez, Hego Euskal Herriko errealitatea eta beharrak inolaz ere aintzat hartu gabe. Ildo horretatik, eskola porrotari aurre egiteko eta itxuraz hezkuntzaren kalitatea hobetzeko aitzakia darabil, eskuduntza murrizketa eta zentralismoan areagotzeko asmoz.

Hezkuntzaren kontzepzioan ideologikoki atzerakada sakona da, ikuspegi neoliberala gailentzen baita. Irizpide pedagogiko eta integratzaileak alde batera uzten ditu. Ekitatearen aurkako proiektua da, zalantzarik gabe, eta ikasleen aniztasuna ez du inolaz ere aintzat hartzen. Erreforma honen helburua hezkuntza eta ikasleak ekonomiaren, enpresen eta merkatuen beharren baitara moldatzea da. “Enpleagarritasuna” hobetzeko aitzakiaz, ikasleen aukera berdintasuna mugatzen du, ikasleen bereizkeria goiztiarra sustatuz eta “lehen” mailako eta “bigarren” mailako ikasleak sortzeko arriskua areagotuz.

Benetan larria iruditzen zaigu euskal herritar gisa, bertako hizkuntzari, euskarari, emandako trataera da. Proiektuak duen helburua irakaskuntzan gaztelania zabaltzea eta hizkuntza propioen garrantzia eta presentzia murriztea da. Eta, zalantzarik gabe, murgiltze eredua kolokan jartzen du. Proiektuaren baitan, gaztelania eta ingelesa enborreko irakasgaiak izango dira, baina, aldiz, euskara ez, espezialitatekoa izango baita. Proiektu hau, hortaz, geure hizkuntzari eta geure eskola sistema propioa eraikitzeko lanari egiten zaion beste eraso bat da. Inboluzio eta eskubide urraketa honen aurrean, nazio ikuspegia izango duen erantzun tinko bat eman behar diogulakoan gaude. Eta, aldi berean, euskal eskola nazionala eraikitzeko bidean, geure errealitateari eta beharrei erantzungo dien hezkuntza politika eta proiektu propioa aldarrikatzen jarraituko dugu.


Irudia: EH Bildu.