Lau eguneko etenaren ostean, jaietan da berriz gaurtik, Aginaga. Azken txanpan dira festak, zehaztu ezin liteken igande goizaldeko orduren batean amaituko baitira. Herri eskola gaur hutsik, ikasleek festa egun handia baitute San Praixkuetan; Haurren Eguna, urriaren 11 honetan. Goizetik hainbat jolasetan parte hartzen dabiltza. Marrazten, lokotxak biltzen... Bazkaria izango dute eguerdian, eta arratsaldean; puzgarriak, txokolate gozoa, buruhandiekin lasterka aritzeko aukera... Nekatu arteraino, jolasean, salto eta brinko aritzeko aukera izango dute haurrek Aginagan.
Dj Kankar herritar ezagunak hartuko du, afal ordura arteko lekukoa. Afaltzeko, Eliza Zaharrean edo zahar berrituan, otordua antolatu baitute. Jan edana, bertsoez girotua; bertso-afaria, Manex Mujika, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa"rekin. Txartelak aurrez eskuratu beharko dira ohiko lekuetan.
San Praixkuetako azken bi gauetan, gaurkoa eta biharkoa, goizalde arte luzatuko den musika giroa nagusituko da. Itzartu gaur, eta dj gaua bihar; Abiba frontoian, eta Larra gero, Eliza Zaharrean. Ordu batzuk lehenago, bihar arratsaldean, mus txapelketa eta Gorriti eta bere animaliak.
San Praixkuak errematatzeko proposamen zerrenda hemen:
Urriak 11, ostirala: Umeen Eguna
10:00 Umeen jolasak.
13:00 Haurrentzako bazkari goxo-goxoa indarberritzeko.
17:00 Puzgarriak.
Ondoren, primerako txokolatada eta buruhandi bizi-biziak. Hasi korrika!!!
19:00 Dj Kankar ume eta ez hain umeak dantzan jartzeko.
21:00 Bertso afaria Eliza Zaharrean, barre pixka bat egiteko aukera giro ederrean. Bertsolariak: Manex Mujika, Haritz Casabal eta Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”.
Ondoren, dantzaldia Itzartu taldearekin Eliza Zaharrean.
Urriak 12, larunbata
16:00 XXXIII. Mus Txapelketa herrikoia.
18:30 Gorritiren animaliak, ea aurtengoan ere giro polita sortzen dugun.
Gauerdian, Abiba diskofesta.
Ondoren, Dj Larra Eliza Zaharrean.
Aukera bikaina gau guztia dantzan igarotzeko!!!
Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.