Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna edota herriko taldeen neurketak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 11a, 00:00

Izerdi patsetan datorkigu asteburu hau ere; futbol eta eskubaloi neurketekin. Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek ere asteburu pasa antolatu dute Xoxote eta Debara. Txangoan izen ematea ordea itxita dago. Eta azkenik, iganderako, Buruntzaldeko udalek eta zenbait eragileek, Ibilbideen Eguna antolatu dute goizez. Jarraian, urriaren 12 eta 13rako kirol agenda:

FUTBOLA
Urriak 12, larunbata
10:00 Kadete F-11.
12:00 Regionalak.

Tokia: Harane.

ESKUBALOIA
Urriak 12, larunbata

11:00 Infantil mutilak (lagun artekoa): Udarregi Usurbil-Elgoibarko Sanlo EKT
12:30 Senior mutilak, 2.nazionala: Usurbil K.E.-Gure Auzune
17:00 Senior mutilak, 1. territoriala: Usurbil K.E.-Tolosa C.F.

Urriak 13, igandea
10:00 Kadete mutilak: Usurbil K.E.-La Salle Legazpi
11:30 Jubenil mutilak: Usurbil K.E.-Urola E.K.

Tokia: Oiardo Kiroldegia.

XOXOTE ETA DEBARA ASTEBURU PASA
Aurrez izena eman dutenekin eta argibideak emateko atzorako deitua zuten bileraren ostean, orain bai, dena prest behar dute Andatzakoek, asteburu pasa joateko. Bihar goizeko 7:00etan Oiardo Kiroldegian jarri dute hitzordua, Azpeitiko Xoxote mendira joateko. 13:04ko trenean eta autobusez gero, Azpeitiara iritsi eta handik gainerako talde kideekin, oinez Xoxotera igotzeko aukera izango da baita. Larunbat gaua Xoxoteko aterpetxean igaro ostean, igandean Deba alderako bidea egingo dute. Aipatu moduan, Andatzakoen asteburu pasa honetarako izen ematea asteazkenean itxi zuten.

BURUNTZALDEKO IBILBIDEEN EGUNA IGANDEAN
Buruntzaldeko Ibilbideen seigarren edizioa ospatuko da igande goizean, urriaren 13an, 9:00-14:00 artean. Beste behin, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil lotuko dituzten bost bideetan barrena ibiltzeko aukera egongo da. Bai oinez, edota bizikleta gainean. "Edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dugu", berri eman dute antolatzaileek. Asko dago ezagutzeko, paraje eder askoak ikusteko. "Bidezidor eta bide ezberdinak ditugu (bost ibilbide ezberdin daude aukeran), landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz", gaineratu dute.

Bideetan ez galtzeko, udalerri guztiotan panel informatiboak jarrita daude, baina honez gain, argibideetarako postuak jarriko dituzte igandean, baita mokadutxoa dastatzeko ere. Eta bus zerbitzua gero bueltatzeko. "Partaide bakoitzari abiatzen denean txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin; partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarria den, bisera bat jasoko du opari", adierazi dute Buruntzaldeko udalek.

Honako ibilbideok osatu ahal izango dira:

- ANDOAIN – LASARTE-ORIA: Koloreak, urdina eta urre zaharra; 7,9 km.ko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoak dira.

- ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.

- ANDOAIN – USURBIL. Koloreak, berdea eta laranja;  14,9 km.ko luzera du (luzeena da); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoak dira.

- LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km.ko luzera du; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.

- LASARTE-ORIA – USURBIL. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 4,5 km.ko luzera du Santuenearaino eta 9,0 Km.koa Aginaraino; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta  kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira. 

Kontrolak eta anoak
Herri bakoitzean kontrol une bat egongo da, argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko:
-Usurbilen: Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta Aginagan, Mapil baserriaren ondoan.
-Andoainen: udaletxe azpian.
-Lasarte-Orian: San Pedro elizaren ondoko plazan.
-Urnietan: udaletxe azpian.

Bus zerbitzua
Ibilbideren bat osatzen duzuenok, amaieran, nor bere udalerrira itzultzeko autobus zerbitua izango da, orduro 12:00-14:00 artean. Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta zeharkatuko ditu busak, ordutegi honetan:

Aginaga (Ezpaldiko gasolindegian): 12:00, 13:00, 14:00.
Usurbil (San Inazioko errotondan): 12:07, 13:07, 14:07.
Lasarte-Oria (Dorretxeko biribilgunean): 12:15, 13:15, 14:15.
Andoain (Goiko Plaza atzealdean): 12:30, 13:30, 14:30.
Urnieta (Kioskoko geltokian): 12:40, 13:40, 14:40. 

Antolatzaileak
Antolatzaileak: Buruntzaldeko Udalak (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil).
Laguntzaileak:  Andatza Mendi Elkartea (Usurbil), Euskalduna Mendizale Elkartea (Andoain), Ostadar K.F. Mendiko Saila (Lasarte-Oria), SUPER AMARA (anoa guneetarako hornikuntzak).

Informazio gehiago: www.buruntzaldea.org