PPk duen gehiengo osoa baliatuta, aurreikusi bezala, atzo onartu zuen Madrilgo Diputatuen Kongresuak LOMCE hezkuntza erreforma berria. 182 boto alde, 137 aurka eta bi abstentzio izan ziren bozketan. Ia oposizio osoa, hezkuntza lege berriaren aurka agertu zen beraz. Diputatuen Kongresutik kanpo ere, LOMCE "zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista" dela diote hainbat sindikatu, edota hezkuntza eragileek. Hego Euskal Herrian, manifestazioa deitu dute larunbat honetarako Bilbon. 17:30etan abiatuko da mobilizazioa, "Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE-ri ez!” lemapean Jesusen Bihotzetik.
Eragileok deitu dute aipatu mobilizazioa: Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, Bihe, Sarean, Ikasle Abertzaleak, Nize, ELA, LAB, STEE-EILAS, UEU, Hik Hasi, CCOO eta Kontseiluak. Usurbilgo EH Bilduk bat egin du mobilizazioarekin. Baita Usurbilgo Hezkuntza Mahaiak ere. Bilbora joateko autobusa antolatu dute. Larunbat arratsaldeko 15:30etan irtengo da Bordatxo ondoko errotondatik.
Hona hemen, Bilboko manifestazioko deitzaileek adostu duten adierazpena:
EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCE EZ!
Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna.
Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uztea exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dadin.
Hau honela, ekainean aurreratu moduan, hezkuntza komunitate osoari eta euskal herritarrei dei egiten diegu urriaren 12an Bilboko kaleak betetzera LOMCEri gure aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.
Mobilizazio honen bidez, gure desadostasuna agertzeaz gain, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Modu berean, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia amankomunak lantzeko.
Bestalde, azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, eraso hauei guztiei aurre egin eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko gure konpromisoa adierazi nahi dugu.
Honegatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori datorren urriaren 12an, arratsaldeko 17:30etan Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun: EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI! LOMCE EZ!
Euskal Herrian, 2013ko irailaren 20an