Aitzagak "Libre" behar duela aldarrikatzeko, ekimenak asteotan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 14a, 00:00

Epaiketen astea hasi berri da. Segiko kide izateagatik, auziperatuak dauden 40 lagunen aurkako epaiketa abiatu berri dute Madrilen. Auziperatu gehienak goizeko 10:00ak aldera heldu dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren egoitza atarira, "Libre" zioten kamiseta laranjak jantzita zituztela. Amaiurko diputatuak bertaratu dira babesa adieraztera epaiketa lekura, tartean, Xabier Mikel Errekondo usurbildarra. Hilabeteetan luzatuko da epaiketa; aste honetan momentuz, hiru saio egingo dira; gaurtik asteazkenera. 

Eta ostegunean, 35/02 sumarioari loturiko epaiketa luzea abiatuko da baita Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. HB, EH eta Batasunaren aurkakoa. 8-12 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dizkieten 36 lagun eta 110 herriko taberna edo elkarte daude inputatuta. Tartean, sei urtez itxita egon ostean, iragan 2012ko otsailean berriz ireki zuten Usurbilgo Aitzaga Elkartea. Honen harira, eta Segiren aurka gaur hasi den epaiketan auziperaturiko lagunek jantzita zeramatzatzen kamiseta naranjek "Libre" hitza jasotzen zuten. Eta izen berarenpean, auziok salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko hainbat ekimen antolatuko dira asteotan, aipatu moduan, "Libre" izenpean. Usurbilen, ostegun honetatik, urriaren 17tik aurrera, 35/02 sumarioaren aurka hasiko den epaiketa egunean hain zuzen, elkarretaratze batekin. Iragarri diren hitzorduen egitaraua, hemen:

Urriak 17, osteguna
19:30
Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, epaiketaren hasiera dela eta.

Urriak 18, ostirala
21:30
Aitzagako XI. Mus Txapelketako lehen jardunaldia elkartean. Izen ematea, 21:30-22:00 artean. Prezioa bikoteko, 25 euro.

Urriak 29, asteartea
18:00
Mozio aurkezpena, osoko ohiko bilkuran.

Azaroak 1, osteguna
LIBRE gunea, Aitzaga Elkarteak antolatuko duen artisautza azokan.

Oharra: antolaketa lanetan parte hartu edo ekarpenik egin nahi duenak, astelehen arratsaldero 19:00etan bilera Aitzaga Elkartean.
Informazio gehiago: libre.epaiketarikez.org, facebook.com/libre.usurbil, twitter.com/LibreUsurbil edo libreusurbil@gmail.com

Azaroaren 26rako deitua
Aldaketarik ez bada, Aitzaga Elkartea deklaratzera deituko dute azaroaren 26rako. Ekaina hasieran eman zen ezagutzera zitazioa. Eta ordukoa da ondoko argazkia. Zitazioa eta auzia bera salatzeko, eta Aitzaga Elkarteari elkartasuna adierazteko, elkarte atarian elkarteko kide eta herritarrek burutu zuten agerraldiko irudia. Auzi honek herritarrak kriminalizatzea bilatzen dutela adierazi zen orduko hartan.