Auzokonpostatzen aritzeko formazio saioa 19:00etan Olarriondon

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 14a, 00:00

Auzokonpostatzeko bi gune zabalduko dituzte laster; bat udaletxe ondoan, bigarrena Olarriondoko udal baratzen alboan. Bateko zein besteko erabiltzaile izango direnei formazioa eskaintzen ari zaie Udala eta Usurbil Zero Zabor. Iragan ostegunean, egitasmo honekiko interesa duten Irazu, Etxebeste, Nagusia eta Irutasun kaleetako eta Gaztañaga azpiko etxebizitzetako bizilagunek egin zuten ikastaroa. Eta gaur 19:00etan, Olarriondokoen txanda izango da, udal baratzen ondoko etxolan.

Beharrezko informazio eta formazioa jasoko dute gaur, auzokonpostatzen hasi nahi izan eta hitzordu honetara bertaratzen diren herritarrek. 

Gogoan izan, organikoa konpostatzeko ahalegina saritzen duela Usurbilgo Udalak. Tasetan, %40ko hobaria aplikatzen zaie organikoa konpostatzen duten herritarrei. Informazio edo argibide gehiagorako, hona hemen Usurbil Zero Zabor taldekoekin hartu emanetan jartzeko komunikazio bideak: 650 374 936 edo usurbilzerozabor@gmail.com