Goia jotzeko bidean berriz, Usurbilgo langabezia tasa

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 15a, 00:00

Goranzko bideari eusten dio langabezia-tasak Usurbilen. Abuztuan ere lanik gabe zeudenen herritarren kopurua 353tik 365era gehitu zela aipatzen genuen. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak kaleratu dituen iraileko datuak ez dira hobeak. Usurbilen 371 langabetu zenbatu ditu aipatu erakundeak, joan den hilean. Krisialdian murgildu ginenetik udalerri honetan inoiz erregistratu den kopururik altuenera gerturatzen ari gara berriz, pasa den udaberriko 382 langabetuetara hain zuzen. Ondoko grafikoak, 2013ko maiatzera arte langabeziak aurreko bost urteetan izan duen langabeziaren bilakaera jasotzen du. Baita langabeziak pasa den udaberrian goia jo zuenekoa. Datu horietara gerturatzen ari da berriz, lanik gabeko usurbildarren kopurua.

Gorakada orokorra da, ia adin tarte guztietan eta emakumezko zein gizonezkoen artean. Baina langabetuaren profila ez da aldatzen. Emakume aurpegia du, eta 25-44 urte artekoa da. Zerbitzuetan beste behin baita, lanik gabeko usurbildar gehien, 371tik 234. Erregistraturiko lan kontratuak, 321 izan ziren irailean. Gehienak, 298, aldi baterakoak eta zerbitzuetan, 297.

Usurbilen bezala, Buruntzaldean eta Gipuzkoa mailan ere langabezia-tasak gorako bidean jarraitzen du. Eskualdean udalerri guztietan igo da langabetu kopurua. Abuztuan baino ia 70 langabetu gehiago zenbatu ziren irailean, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilen. Eta Gipuzkoan, 49.000 langabeturen muga gainditu du langabezia tasak irailean. 1.000 langabetu gehiago daude herrialde mailan.

USURBIL
Guztira: 371.

SEXUAREN ETA ADINAREN ARABERA
Gizonezkoak: 180.
25-44: 99.
>=45:  68.

Emakumezkoak: 191.
25-44: 91.
>=45: 88.

SEKTOREAREN ARABERA
Nekazaritza: 3.
Industria: 80.
Eraikuntza: 36.
Zerbitzuak: 234.
Aurretik lanik gabe: 18.

BURUNTZALDEA
Andoain: 1.124.
Astigarraga: 325.
Hernani: 1.461.
Lasarte-Oria: 1.438.
Urnieta: 392.
Usurbil: 371.
Guztira: 5.111.

GIPUZKOA
Guztira: 49.155.