Hirugarrenez, "Atez Atekotik Zero Zaborrerantz" izeneko jardunaldiak antolatu ditu, Usurbil, Hernani eta Gipuzkoa Zero Zaborrek, datorren asterako. Nazioarteko adituak ekarri zituzten 2010eko jardunaldion estreinako edizioan, 2011n erraustegia hartu zuten ahotan. Eta iaz Donostian ospatu zen "Zero Waste" Europako Kongresuaren ondorioz izandako etenaldiaren ostean, ekimen honen hirugarren edizioa ospatuko da datorren urriaren 24an eta 27an. Hurrengo asteko ostegun eta igandea, "Konpost Egunak" izango dira. Izenburu eta gai hau hautatu dute antolatzaileek, jardunaldion hirugarren edizio honetarako.
Aurretik egin izan duten moduan, bi eskenatoki hautatu dituzte "Atez Atekotik Zero Zaborrerantz" ekimen honetarako; Hernanin konpostatzearen inguruko mahai-inguru bat egingo da hilaren 24an, 19:00etan hasita Biteri kultur etxean. Herritar oro gonbidatu nahi dute ekitaldira, baina modu berezian, ingurumenaren alorrean lan egiten duten eragile, teknikari edota udal ordezkariak bertaratzea nahi dute.
Auzokonposta, autokonposta, konpostatzea hartuko dute ahotan, hitzorduan parte hartuko duten hizlariek. Alderdi desberdinak jorratuko dituzte; Gipuzkoako auzokonpostari loturiko datuak, herritarrak auzokonpostatzera erakartzeko lanketa, auzokonpostaguneak, konpostatzen aritzeko herritarrei eskaini beharreko trebakuntza... Eta hizlarien artean ere, denetarik dago; zero zabor taldeetako ordezkariak, udal ordezkariak, teknikariak... Hemen, hizlarien zerrenda eta jorratuko dituzten gaiak; usurbildar bat tartean dela:
-Joxemari Irazusta (Usurbil Zero Zabor taldeko kidea):"Auzo-konpostaren egoera Gipuzkoan 2013ko urrian".
-Orkatz Goenaga (teknikaria Urola erdian, Zero Zaborreko kidea Tolosan): "Auzo-konpostatzaileak lortzeko sustapen kanpaina desberdinak".
-Imanol Biain (Oñati Zero Zabor taldekoa, Natur eskulako langilea):"Gune urbano trinkoetan auzo-konpost guneak non, nolakoak? Hautatzeko irizpideak".
-Gorka Egia (Orendaingo alkatea):"Nola lortzen da herri oso bat konpost egiten jartzea?".
-Xabat Larrarte (Hernanin Atez Atekoaren teknikari):"Autokonpostatzen hasteko herritarrei eman beharreko trebakuntzaren edukia".
-Jon Ander Galarraga (biologoa, konpostaje teknikaria Tolosan):"Egituratzailearen aukeraketa".
Hizlariek esan beharrekoak esan ostean, bertaratuko direnen txanda, galderak egin edota iritzia emateko.
ERAKUSKETA USURBILEN
"Atez Atekotik Zero Zaborrerantz" jardunaldiok amaitzeko bigarren hitzordua, Usurbilen ospatuko da. Urriaren 27an, igande goiz eta eguerdi partean, konpostatzearen inguruko erakusketa bat bisitatu ahal izango da frontoian. Konpostatzeari loturiko gertuko eta munduko esperientziei loturiko informazio panelak, konpostagailuen ereduak, Usurbilen herritarren ahaleginez lorturiko konposta oparituko dute, produktu ekologikoen postuak egongo dira... Informazio gune bat ere jarriko dute, auzokonpostatze egitasmoan izena emateko, baita jada zereginotan dabiltzan herritarrek kezka edo zalantzaren bat baldin badute, puntu guztiok ere argitzen laguntzeko.
Auzokonpostaguneetara ere bisita gidatuak iragarri dituzte. Jada funtzionamenduan dauden guneetara bisitak, baita laster martxan izango den gune berri bat nola egokitzen amaitzen duten (udaletxe ondoan kokatuko dutena), zuzenean ikusteko aukera egongo da.
Hona hemen, "Atez Atekotik Zero Zaborrera" jardunaldion hirugarren edizioko hitzorduak:
Urriak 24, osteguna
19:00 Mahai-ingurua adituekin, Hernaniko Biteri kultur etxean.
Urriak 27, igandea
10:00-14:00 Konpostatzearen inguruko erakusketa Usurbilgo frontoian.
Antolatzaileak: Gipuzkoa Zero Zabor, Hernani eta Usurbilgo taldeak.