Udarregi Ikastolako erdiko aretoa, elkartasun ekimen berri baten gunean bilakatu dute. Elkartasuna eta justizia bultzatzen duen SOS Afrika Gobernuz Kanpoko Erakundeak Afrikarako oinetako eta arropa biltzeko kanpaina abiatu berri du beste behin. Udarregi Ikastolak bat egin du ekimen honekin, eta aipatu moduan, erdiko aretoa bilketarako gune gisa finkatu dute. "Zuek ere kanpaina honetan parte har dezazuen eskatzen zaizue", luzatu dute gonbita Udarregi Ikastolatik.
Kilometroak jaialdiko zozketak
Iragan urriaren 6an ospatu zen Kilometroak jaialdiaren harira, notario aurrean eginiko zozketetan, hauek dira zenbaki sarituak:
-"Ahora! kotxea": 056753.
-Kariberako bidaia: 014202.
-Tonbolako telebista: 3653.
Gogoan izan, Tolosako Laskorain Ikastolaren lekukoa hartuko du Oriok. 2014an Usurbilekin muga egiten duen udalerri honetan ospatuko da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia. Eta 2015ean, Kilometroak Usurbilen.
Igandean, Nafarroa Oinez
"Taupadaz bat egin!" lemapean, Tuteran ospatuko da 2013ko Nafarroa Oinez Argia Ikastolaren alde. Lau guneetan banatua egongo den jaialdian parte hartzera deitzen dute antolatzaileek, Nafarroako Erriberako ikastolaren eta euskararen etorkizuna, ekimen honen mende baitago, gogorarazten dutenez.
Urriaren 20an ospatuko den jaialdiko informazio guztia, helbide honetan: www.nafarroaoinez.net