Ostiral gauean abiatuko da Aitzagako Mus Txapelketa

Noaua Aldizkaria 2013ko urriaren 16a

Mus Txapelketa antolatu du Aitzaga Elkarteak ikasturte berri honetarako ere. Karta jokoaren hasiera, Espainiako Auzitegi Nazionalean ostegunean hastekoa den 35/02 sumarioari loturiko epaiketarekin egokitu da aurten. Gogoan izan, 36 lagun eta 110 herriko taberna edo elkarte epaituko dituzte bihartik aurrera; tartean da, Aitzaga Elkartea bera ere. Epaiketaren hasiera dela eta, bihar elkarretaratzea deitu da 19:30etan Mikel Laboa plazan.

Eta gero aipatu moduan, ostiralean abiatuko da Aitzagako Mus Txapelketa. Gaueko 22:00etan, elkartean. Izena ematea ordea, ordu erdi lehenago, 21:30etan zabalduko dute antolatzaileek. Ekimenean parte hartzeko, bikote bakoitzak 25 euro ordaindu beharko ditu. Lehen jardunaldi honetan, honako sariok lortu ahal izango dituzte:
1. 2 arkume, 8 txangurro, 2 txanpain (eta 240 puntu).
2. 2 txerrikume, 6 txangurro, 2 txanpain (eta 160/220 puntu).
3. 2 txerrikume, 4 txangurro, 2 txanpain (eta 80/140 puntu).
4. 4 koneju, 2 txangurro (eta 80/140 puntu).
5,6,7 eta 8. 0/60 puntu.

"LIBRE"
Ostegunean hasiko den epaiketaren harira, "Libre" ekimenarenpean, hainbat hitzordu deitu dira asteotarako: 

Urriak 17, osteguna
19:30
 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, epaiketaren hasiera dela eta.

Urriak 18, ostirala
21:30
 Aitzagako XI. Mus Txapelketako lehen jardunaldia elkartean. Izen ematea, 21:30-22:00 artean. Prezioa bikoteko, 25 euro. 

Urriak 26, larunbata
17:30 Manifestazio nazionala Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta, "Konponbidearen alde. Eskubide guztiak. Libre. Epaiketa politikorik ez" lemapean. 

Urriak 29, asteartea
18:00
 Mozio aurkezpena, osoko ohiko bilkuran.

Azaroak 1, osteguna
LIBRE gunea, Aitzaga Elkarteak antolatuko duen artisautza azokan.

Oharra: antolaketa lanetan parte hartu edo ekarpenik egin nahi duenak, astelehen arratsaldero 19:00etan bilera Aitzaga Elkartean.
Informazio gehiago: libre.epaiketarikez.org, facebook.com/libre.usurbil, twitter.com/LibreUsurbil edo libreusurbil@gmail.com