Herritarren herena, organikoa konpostatzen ari da

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 16a, 00:00

Usurbilgo sendien artean, hirutik batek, etxean sortzen duen organikoa bere kabuz landu eta konpostatzen du. Etxean lur saila duenak autokonpostatzearen bidez; eta lurrik edo lekurik ez duenak, herrian irekitzen joan diren auzokonpostatze guneen bidez. Datua, Usurbil Zero Zabor taldetik helarazi dute. 630 bat sendi gutxienez ari dira organikoa konpostatzen Usurbilen. 

Hamaika auzokonpostagune ditu Usurbilek, toki desberdinetan barreiatuak. Eta laster, beste bi jarriko dira martxan; bat, udaletxe ondoan kokatuko baitute, eta bestea, Olarriondoko udal baratzen alboan. Bi guneotan auzokonpostatzen aritzeko trebakuntza jaso dute azken egunotan, bai Olarriondoko bizilagunek, baita Kaxkoko hainbat herritarrek ere. Konpostatzen duten herritarren kopurua beraz, are gehiago haziko da hurrengo asteotan. Usurbil Zero Zabor taldekoen esanetan, Gipuzkoan badira sortzen duten organiko guztia konpostatzen duten zenbait herri txiki. Horiek salbu, udalerri hau izango da autokonpostatze maila altuena duena herrialde mailan.

Baina maila hau beti hobetu liteke. Oraindik badira Usurbilen, organikoa konposta dezaketen sendiak. UZZ-tik mezu argia haientzat guztientzat: "animatu!". Eta eman izena noski, herrian martxan diren auto edo auzokonpostatze egitasmoetan. Urriaren 27an, frontoian konpostatzearen inguruan antolatu duten erakusketan, informazio gune bat jarriko dute Usurbil Zero Zabor taldekoek. Organikoa konpostatzen hasi nahi duenak, bertan eman ahal izango du izena.