ATZEGIn, nork bere papera aurkitzeko deia

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 17a, 00:00

Gutako bakoitzak badugula zer eskainia, guztiok bete dezakegula gure papera bilgunean, eta paper hori aurkitzeko gonbita luzatzen dute, adimen urritasuna duten pertsonan familien Gipuzkoako elkartetik, ATZEGItik. Urtero egiten duten sentsibilizazio kanpainaren baitan, aurten, "ATZEGIn guztiok dugu gure papera. Aurkitu zeurea!" leloa hautatu dute, adimen urritasuna duten pertsonentzat oso garrantzitsua baita, "ezagutzen, baloratzen eta behar dutenean laguntzen dieten ingurune batean bizitzea. Askotan zailtasunak ez baitira sortzen adimen urritasuna izateagatik, ingurune ez egoki bat izateagatik baizik".

Sentsibilizazio kanpaina berria iragan ostegunean aurkeztu zuten Hernaniko Biteri kultur etxean, ATZEGIko Hernani eta Usurbilgo taldeek. Adimen urritasuna duten pertsonak, senideak, elkarte kideak bildu zituen ekitaldiak, baita laguntza eskaintzen dutenak ere. Usurbilgo kasuan, Olarriondo jatetxeko lan taldea bertaratu zen ekitaldira. Azken 9 urteotan, adimen urritasuna duten herritarrentzako festa eguna antolatzen aritu baitira. Baita udal langile eta zinegotzi bana ere; Udaleko lan taldean lankide izan baitituzte adimen urritasuneko lagunak. Haien guztien laguntza eskertu zuten. Eta gainerakoentzat, gonbita argia da; "Senide bazara ala ez, urritasunik baduzu ala ez, denbora libre asko edo gutxi izan, edonongoa izanik, gizon edo emakume, ikasketak eduki ala ez... Zuk ere aurkitu dezakezu zure papera ATZEGIn!".

Laguntzeko mila modu daude; sare sozialetako edukiak partekatuta, sentsibilizazio ekimenak bideratuta, adimen urritasuna duen pertsona batekin geratuta, bestelako ekimenetan euren parte hartzea sustatuta, ekonomikoki kolaboratuta, boluntario izanda... 

Emandakoa baino gehiago jasotzen baita, Hernaniko sentsibilizazio kanpainaren aurkezpenean bertaratutakoek nabarmendu zutenez. 14.000 lagun baino gehiagok osatzen dute ATZEGI. Hemen, elkartetik helarazi dituzten zenbait datu orokor:
-2.035 familia (adimen urritasuna duten 2.130 pertsona).
-2.733 kolaboratzaile.
-9.223 atzegizale.
-Elkarte oinarria guztira: 14.086 pertsona.