Hala zioten atzo iluntzean Mikel Laboa plazan burutu zen elkarretaratzean. Espainiako Auzitegi Nazionalean 35/02 sumarioari loturiko Ezker Abertzaleko 36 ordezkariren eta 110 herriko taberna edo elkarteren aurkako epaiketa hasi eta ordu gutxira. Epaiketako honetako lehen saioaren inguruko azken orduaren berri enan zen mobilizazioan. Gogoan izan, epaituriko elkarteen artean dela Usurbilgo Aitzaga ere. Epaiketa salatu eta epaituei elkartasuna adierazteko hamarnaka herritar bildu zen atzo frontoi atzean, "Aitzaga aurrera! Epaiketa politikorik ez!" edota "Libre" zioten pankarten bueltan.
Hain zuzen, "Libre" izeneko ekimen zabalago baten baitan deitu zen atzoko mobilizazioa, baita hurrengo egunotarako iragarri diren beste hainbat hitzordu ere; Aitzagako mus txapelketa abiatuko da gaur, mozioa aurkeztuko dute urriko azken astearteko osoko ohiko bilkuran, edota azken aldiko epaiketen harira, Bilbon, urriaren 26an 17:30etan deitua dagoen manifestazio nazionalarekin bat egin dute. Hara joateko hain zuzen, autobusa irtengo da Usurbildik, hilaren 26an, 15:30ak aldera Bordatxo ondoko errotondatik. Autobuserako izen ematea, ohiko lekuetan bideratuko dela iragarri zen atzo.
Ekimen guztiokin eta aurrerago antolatuko diren hitzordu gehiagorekin, epaiketok salatu nahi dira, eta bereziki, auziperatuak daudenen askatasuna eskatu. Horixe aipatzen zuten atzoko elkarretaratzean ere, "larriena pertsonak daudela tartean". Eta horiekin batera, ehunetik gora elkarte auziperatuta, Aitzaga tartean. Horregatik zioten, hainbat bilera, herri mugimenduren txoko, herritarren bilgune den Aitzaga, "arriskuan dugu eta defendatu beharra dugu". Abiatu berri den epaiketari lotuta atzo eman zen zehaztasun baten berri segidan; gaurkoz oraindik ez omen dago argi, Aitzaga Elkarteko ordezkaririk deklaratzera deituko duten. Aurrerago ikusiko da hori.
SINADURA BILKETA
Epaiketa politiko gehiagorik izan ez eta epaiketon artxibatzea eskatzeko besteak beste, sinadura bilketa kanpaina abiatu dute. Atzoko elkarretaratzera bertaraturiko hainbat herritarrek, "Libre" ekimenaren baitan prestatu den manifestua sinatzeko aukera izan zuten. Aurrerago deitu diren ekimenetan ere sinatzeko aukera egongo da. Honela dio manifestuak:
"Adierazpen honekin bat egiten dugunok, urteetan zehar eman diren makro-epaiketetan, aniztasun politikoa ezabatzeko ahalegin garbia ikusten dugu, lan politikorako askatasun eta ideia guztien defentsarako eskubideen urraketa eman dela, alegia.
Udazken honetarako aurreikusita dauden bi epaiketa hauek, eta jarraian burutuko direnak testuinguru berean emango direla kontuan hartuta, garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari eraso egiten diete, konponbide baketsua blokeatu asmoz.
Honela, uztailaren 8an eremu desberdinetako hainbat profesionalek aurkeztutako ekarpena kontutan hartuta, bertan jasotzen diren bost puntu hauekin bat egiten dugu:
-Ez daitezela epaiketa politiko gehiagorik egin.
-Eskandaluzko instrukzio bideagabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela;
-Prozedura judizial guztietatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desager dadila;
-Aniztasun politikoa eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela;
-Elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezar ditzagula.
MUS TXAPELKETA
Aipatu epaiketa honen hasiearekin egokitu da aurten, Aitzaga Elkarteak antolaturiko mus txapelketaren abiatzea. Gaur gaueko 22:00etatik aurrera jokatuko da lehen jardunaldia, elkartean bertan. Izena ematea ordea, ordu erdi lehenago, 21:30etan zabalduko dute antolatzaileek. Ekimenean parte hartzeko, bikote bakoitzak 25 euro ordaindu beharko ditu. Lehen jardunaldi honetan, honako sariok lortu ahal izango dituzte:
1. 2 arkume, 8 txangurro, 2 txanpain (eta 240 puntu).
2. 2 txerrikume, 6 txangurro, 2 txanpain (eta 160/220 puntu).
3. 2 txerrikume, 4 txangurro, 2 txanpain (eta 80/140 puntu).
4. 4 koneju, 2 txangurro (eta 80/140 puntu).
5,6,7 eta 8. 0/60 puntu.
HURRENGO EKIMENAK
Urriak 18, ostirala
21:30 Aitzagako XI. Mus Txapelketako lehen jardunaldia elkartean. Izen ematea, 21:30-22:00 artean. Prezioa bikoteko, 25 euro.
Urriak 26, larunbata
17:30 Manifestazio nazionala Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuta, "Konponbidearen alde. Eskubide guztiak. Libre. Epaiketa politikorik ez" lemapean.
Urriak 29, asteartea
18:00 Mozio aurkezpena, osoko ohiko bilkuran.
Azaroak 1, osteguna
LIBRE gunea, Aitzaga Elkarteak antolatuko duen artisautza azokan.
Oharra: antolaketa lanetan parte hartu edo ekarpenik egin nahi duenak, astelehen arratsaldero 19:00etan bilera Aitzaga Elkartean.
Informazio gehiago: libre.epaiketarikez.org, facebook.com/libre.usurbil, twitter.com/LibreUsurbil edo libreusurbil@gmail.com