Finantza mundua ikuspegi kritiko batetik aztertu eta alternatibak proposatzen dituen proiekzioa antolatu du Usurbilgo FIARE taldeak ostiral honetarako, urriaren 18rako, 22:00etan Sutegin. Gero solaserako tartea izango da;
Izenburua: “Con tu dinero” (“Zure diruarekin”).
Eguna: urriak 18, ostirala.
Ordua: 22:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Antolatzailea: Usurbilgo FIARE taldea.
Informazio gehiago: www.fiare.org
E-posta: gipuzkoausurbil@proyectofiare.com
BANKA ETIKOA, POSIBLE DA
Aurrezkiak era arduratsuan kudeatzea, horixe du zereginetako bat banka etikoak. Bestea, jendeak banka honetan gordetako dirua proiektu sozialetara bideratzea. Gai honetaz informatzen eta kontzientziatzen aritzeko bada talde bat Usurbilen. Ostiral honetarako proiekzioa antolatu dute Sutegin. Bilguneari buruzko zehaztasun gehiago, lerrootan.
Usurbilgo FIARE osatzen duzue. Zer esan nahi dute siglek?
Usurbilgo FIARE: FIAREk, Aurrezki Arduratsurako Inbertsio Fondoa esan nahi du. Banka etikako proiektu bat da. Finantza munduak ere etika behar duela eta dirua kudeatzerakoan baloreak ere kontuan hartu behar direla pentsatzen dugu. Eta diruak pertsonen mesederako tresna bat izan behar duela, eta ez berez helburu bat.
Aurretik herrian egin izan diren jardunaldietan du jatorria talde honek?
Usurbilen FIAREri buruz antolatu ditugu gutxienez bi hitzaldi; bat duela bizpahiru urte, Usurbilgo Elkartasun Taldeak antolatu zuen. FIAREko zuzendaria hitzaldi bat ematera etorri zen. Parrokian beste hitzaldi bat antolatu genuen. Auzolan Topaketetan ere hitzaldi edo tailer modukoa izan zen. Horrez gain, badira herrian FIAREko bazkideak izan eta jada sentsibilizatuak daudenak. Baita diruaren kontuarekin kezka duten herritarrak ere. Azkenean, hortik sortu da taldea.
Bazkideak aipatu dituzu. Zer suposatzen du FIAREko bazkide izatea?
Azkenean banketxe bat sortu nahi dugu. Banketxe honen forma juridikoa kooperatibarena da. Kooperatibak bazkideez osaturik daude. Bazkide izateko harpidetza bat egin behar da, eta hori da bazkide izatea. Zer gertatzen da? Bere garaian, banka etikoaren proiektua Euskadin zegoen landua. Denborarekin konturatu gara Euskadi mailan bakarrik ezin dela eraiki banka etiko bat. Orduan, Europa mailako beste esperientzia batzuk aprobetxatu ditugu, Italiakoa kasu honetan. Hango kooperatibaren ereduan gauzatuta, proiektu hau aurrera ateratzen ari da. Europa mailakoa den Italiako banka etikoko proiektuaren zati gara.
Nola egin bazkidetza?
300 eurorekin. Banka etikan parte hartzeko hiru forma desberdin daude; bat bazkide izanda, eta bazkide izateko gutxienez 300 euro jarrita; bigarrena, banka etikoaren bezero izatea, eta horretarako, zure dirua banka etikoaren kontu korronte batean edo depositu batean jartzea; eta hirugarrenik, FIAREren proiektua zabaltzea. Eta horretarako ez duzu izan behar, ez bazkide ezta bezero ere. Baizik eta talde kidea izatea, proiektu honetan sinistea.
Taldera gerturatzeko zer egin daiteke?
Helbide elektroniko bat jarriko dugu. Azaroaren 1ean, Artisautza Azokan informazio mahai bat jarriko dugu eta ekitaldiren bat ikusten badugu herrian, ahal dugunean informatzen saiatuko gara. Bere posta emanda informatuko genuke. Beste herrietan ere taldeak osatu dira. Helburua ez da banka tradizional bat bezala sukurtsal bat jartzea, baizik eta talde eragilea sortzea. Bulego bezala estatu mailan bakarra dago, Bilbon. Donostian astean bitan irekitzen duten informazio bulego bat bada.
“Hona ez da etorriko bere diruari etekina atera nahi dion pertsona”
Banka etikoa jendartean zabaltzea zuen erronka. Zer diote herritarrek?
Jende askok buruan duena banketxe normal bat da, bere gestioak egiteko leku bat. Gehiago da kontzientzi lan bat, dirua non gordetzen den garrantzitsua dela jabetzeko. Hona ez da etorriko bere diruari etekina atera nahi dion pertsona. Bai ordea momentuan behar ez dituen aurrezki txikidun jendea. Garrantzitsua da azpimarratzea, proiektu sozialak finantzatzeko denez, bazkideak ez dira bakarrik norbanakoak. Elkarteak, talde sozialak ere izan daitezke. Eta hor ere zabaltzen ari da proiektua. Administrazio kontseiluan ere bada euskaldun bat. Italiako kooperatiban FIARE sartu da, maiatzean zuzendaritza batzordea berritu zen. Kargu horietan sartu zen FIAREko Bilboko lagun bat.
Gaur egun bizi dugun panoramarekin, nola egin dezake bere bidea banka etikoak egungo sisteman?
Galdera oso zaila. Alde batetik errealistak izan behar gara. Italian badira 40.000 bazkide, baina 40.000 dira, finantzaren %0,01 suposa dezakete. Sinisten dugu proiektu honetan, alternatiba bat sortu behar dela finantza munduan eta horrek gauzak egiteko moduan errebisioa ekarriko duela, horren esperantza dugu. Jendartean ikuspegi kritiko hau kaleratu nahi dugu. Gero zer lortuko dugun, oso zaila da baloratzea. Are gehiago, kontuan hartu behar da banka, finantzak tresna bat direla azken finean. Eta horrek izan behar duela lotura beste talde sozialekin, eta hor sortzen dela sare bat. Proiektu honek ez luke izango zentzurik, sare sozial hori kontuan ez baldin badu, eta horretarako dago proiektu hau. Orduan ezin da neurtu banka honen indarra, beste banketxeekin neurtzen den moduan.
Banka etikoa bestelako babesa soziala biltzen ari da ordea?
Asko handitu da banka etikoa, neurri batean krisiak eraginda. Krisiak duen alde on bat da, nolabait kultura finantzarioa handitzen ari dela. Jendeak geroz eta gehiago daki, zer dagoen banku baten atzean. Uste dut nahikoa zabalduta dagoela zein izaten ari den banku tradizionalaren papera krisian. Jendea nolabait, begiak irekitzen ari da. Hasi dira pentsatzen, zer egiten ari diren gure diruarekin. Eta hor dago koska. Ostiralerako antolatu dugun proiekzioaren izenburua ere hortik dator, ia zer egiten duten gure diruarekin. Banka etikoak horrekiko alternatiba planteatzen du. Gure diruarekin zer egiten den, etika bat betetzen duten helburuak ditu. Eta gainera jendeak erabakita, partaideek erabakita. Bazkide izateak halako gauzak dakartza. Banka etikoak ez du espekulatzen. Gogora dezagun, krisiaren oinarrian, banku tradizionalek izan eta baztertu ez duten filosofia espekulatzailea egon dela. Zentzu horretan, banka etikoa segurua da, ez baita joango pikutara espekulazioagatik.
Garai egokia izan liteke honako hau, banka etikoa indartzeko, jendea ere alternatiba bila baitabil?
Hala gertatzen ari da. Baina krisia hain sakona denez, jende askok likidezia falta du patriketan. Baina aukera duenak eta benetan ikusten badu, alternatiba polita bada beste bide bat egiteko. Proiektu honek bi ardatz ditu; batetik ardatz soziala, sentsibilizazioarena, diruarekin zer egin modu arduratsu batean. Talde hau ardatz sozial honetan zentratzen da. Eta ardatz finantzarioa; eta bigarren ardatz honetan oraindik arazo teknikoak daude, guztiz martxan jartzeko. Horretan ere ari gara, baina pazientzia eskatzen dugu. Dena den, Internet bidez bada aukera adibidez, kontu korronte bat kudeatzeko. 4 euro badituzu ez izan betiko bankan, 4 euro horiek inbertituko dituzte armak ekoitzi, ingurumena hondatu, edo jendea zapaltzen duten enpresetan. Helburu bakar batekin; zure 4 euro horiekin beraiek beste 4 lortzea. Horren alternatiba, zure dirua banka etikoan gordetzea da. Bermatua duzu zure dirua, ez dela halako kontuetara bideratuko eta nahi duzunean zure dirua berreskuratu ahalko duzula.
Banka etikoaren ezaugarriak
-Aurrezkiak era arduratsuan kudeatzen dira: jarritako dirua, herritarren onerako diren proiektu sozialak finantzatzeko.
-Espekulaziorik ez.
-Kooperatiba izaera.
-Bazkide bat, bozka bat; bazkide bakoitzak hitza eta bozka eskubidea erabakietan.
-FIAREren bazkideen artean daude: Usurbilgo Udala, sindikatuak, ikastolak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE), erakunde publikoak…
-Kreditu eskubidea bermatua.
-Gardentasuna: FIAREren proiektu guztiak, emandako mailegu guztiak ikus daitezke bere web orrian.
-Jarritako depositua nahi denean ateratzeko askatasuna.
-Proiektuen bideragarritasun azterketa bikoitza egiten dute: ekonomikoa eta baita etikoa ere.