Ama, gai honetan oinarrituta artista talde baten lan sorta ezagutzeko aukera egongo da Sutegin, gaur hasi eta azaroaren 17ra arte. Ostiral honetan inauguratuko dute erakusketa, 19:00etan Sutegiko aretoan. Denetariko diziplinetako hamalau egileren artelanak bilduko ditu kultur etxeko aretoak. Artisten artean, usurbildar batenak; Pelexenak. Eta berarekin batera beste hamahiru lagunok pintura, eskultura, argazkia... denetariko obrak erakusgai jarriko dituzte, beti ere, "ama" ardatz hartuta; Peio Goello, Olatz Goiburu, Carlos Ausserladscheider, Aitor Ruiz de Egino, Javier Soto, Iker Valle, Keixeta, Jon Zabaleta, Ricardo Pascual, Alain Sistiaga, Gorka Salmeron, Xabier Celestino eta Gonzalo Etxeberria.
"Ama!!!txo" erakusketa hilabetez egongo da zabalik, baina ez egunero, astero, ostegunetik igandera baizik. Ordutegi honetan:
-Osteguna eta ostirala: 18:00-20:00.
-Larunbata: 12:00-14:00 eta 18:00-20:00.
-Igandea eta jaiegunak: 12:00-14:00.
TXO! kolektiboa
Pelexek antolatu du erakusketa, Usurbilgo Udalaren babesarekin. 1989an Legazpin sortu zuten TXO! kolektiboko kidea da usurbildarra. TXO! Sutegiko erakusketan parte hartuko duten Carlos Ausserladscheiderrek eta Gorka Salmeronek jarri zuten martxan. Helburu konkretu batekin; "arlo ezberdinetan ikertzeko asmoz sortzen dute kolektiboa; diseinu grafikoa, publizitatea, pintura, argazkigintza, serigrafia, eskultura eta musika landuz". Hasieratik, proiektua artista, disziplina, ideia eta pentsakera ezberdinei irekia egon da. Ordutik taldea handitzen joan da, eta beste artisten artean, usurbildar baten parte hartzea izan du kolektiboak; Pelexena. TXO! taldekoak Sutegira datoz hurrengo astean, "Amatxo" erakusketarekin.