Eusko Jaurlaritzak, Usurbilgo ke eta usain txarren arazoa ukatzen jarraitzen du

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 18a, 00:00

Albiste gazi-gozoak Ucineko aferaren inguruan. Aurrez iragarri moduan, Usurbilgo Udala, Ucin eta Eusko Jaurlaritza urriaren 10ean bildu ziren Donostian. Enpresak eskatu eta Jaurlaritzak deituriko hitzorduan, bi aztergai nagusi hartu zituzten ahotan; ikuskapenak egiteko protokoloa batetik, eta UCIN-ek bere labean hondakinak erre ahal izateko egina zuen baimen eskaera bigarrenik. 

Berri onak, ikuskapenak egiteko protokoloari dagokionez; "hasierako adostasuna" lortu dute eta. "Maiatzean Udala bera saiatu zen bere ikuskapenetarako protokolo bat adosten enpresarekin, baina honek ez zuen udalak egindako proposamena onartu, Udalak ikuskapenak egiteko eskuduntza ez duela argudiatuz. Horren ondorioz, ekainean udalak egin zuen bere lehenengo ikuskapena nahiko gorabeheratsua izan zen. Oraingo bilera honetan, aldiz, ikuskapenak egiteko udalak duen ahalmen inguruan inork ez du zalantzarik agertu, eta hasierako adostasuna lortu egin da", berri eman dute Usurbilgo Udaletik. 

Salaketak, argazkiak, bideoak... nahikoa ez Jaurlaritzarentzat
Bestelako kontuak ordea, urte luzez herritarren hainbat kexu eragin dituen ke eta usain txarren inguruan. UCINek bere labeetan hondakinak erretzeko eskatua zuen baimena eskuratzetik geroz eta gertuago egon liteke. "Bileran EJ-k berretsi zuen laister erantzungo duela UCIN-ek apirilean bere labean hondakinak erretzeko egindako eskaera, horretarako baimena emanez, nahiz eta udalak kontrako eskaera egin. Egoera berri horren aurrean, Udalak emandako iharduera lizentzia berrikusiko duela iragarri zuen. Bere aldetik, UCINek, aipatutako lizentzia auzitara eramateko zuen asmoa atzeratuko du oraingoz", adierazi dute Udaletik.

Eusko Jaurlaritzak ez du, hainbat usurbildarrek pairaturiko ke eta usain txarren errealitatea onartzen. Ezta, egoera nolakoa den argi erakusten duten bideo eta argazkiak aurrean jarrita ere. "Bileran agerian gelditu zen, beste behin, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak arazo honen inguruan duten aldea. Udalak, beste behin, eskatu zion EJ-ri berak emandako baimenan ezarri zituen osasuna babesteko neurriak enpresari betearazteko, zehazki, labea kargatzeko sistema itxia erabiltzeko. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du ikusten inongo arazorik UCINen inguruan, Usurbilgo airean egindako neurketetan ezer agertzen ez delako, eta, berez, ez du "datu objetiborik" enpresari ezer exijitzeko. Udalak EJ-ri galdetuta ea Usurbilgo udaltzainek egindako argazkiak eta bideoak, eta jasotako herritarren testigantzak eta salaketak enpresak sistematikoki filtratu gabeko kea atmosferara isurtzen duela frogatzen duten "datu objetiboak" ez diren, erantzuna ezezkoa izan da. Eusko Jaurlaritza airearen kalitatea aztertzeko beste kanpaina bat burutzeko konpromezua hartu zuen", berri eman dute Udaletik.