Ramon Uribe aske uztea eskatzeko, urgentziazko elkarretaratzea 19:30etan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 21a, 00:00

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruko epaia kaleratu berri du; Ines del Rio presoari arrazoi eman dio. Edo beste modu batean esanda, "Parot" izenez ezagutzera eman den doktrinaren aurka agertu da, giza eskubideen aurkakoa dela iritzita. Erabakia aho batez hartu dute, eta Ines del Rio presoa berehala aske uztea agintzen dute. Epaia irmoa da, atzera bueltarik gabekoa. 2012ko uztailean jada, Estrasburgo 197/2006 doktrinaren aurka agertu zen, baina espainiar estatuak alegazioa aurkeztu zuen. Alegazioa iragan martxoan aztertu zuten, eta ordutik gaur kaleratuko den epaiaren zain egon behar izan da. Aipatu moduan, espainiar estatuak aurkezturiko alegazioa atzera bota du Estrasburgok, eta 197/2006 doktrinaren aurka agertu da berriz. 

Gaurko hainbat mobilizazio deitu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian:
11:00 Elkarretaratzea Bulebarrean.
19:30-20:00 Elkarretaratzea Bulebarrean.

Usurbilen: 19:30etan Mikel Laboa plazan.

Ramon Uribe doktrina honen eraginpean
Hamarnaka euskal preso daude kartzeletan, espetxe zigorra beteta kalean behar zutenak. Aldiz, 197/2006 doktrina dela eta, espetxealdia luzatu zaie eta honenbestez kartzelan jarraitzen dute. Horien artean da Ramon Uribe kalezartarra. Iragan abenduaren 3an kalean behar zuen, baina ia urtea pasa den honetan, kartzelan jarraitzen du oraindik. 2024. urte arte luzatu zioten espetxe aldia. 197/2006 doktrina aplikatuko zitzaiola jakin zenean, iragan abenduan hainbat mobilizazio burutu zen Usurbilen, kalezartarra aske uztea eskatzeko. Horien artean agerraldi bat egin zen Dema plazan. Eta bertan, honako agiria irakurri zen:

USURBILGO HERRI ASANBLADAREN AGIRIA
Hemezortzi urte eta erdi preso damaran Ramon Uribe kalezartarra astelehenean aske geratu behar zuen ezarri zioten espetxe zigorra bete ostean. Estatu espainolak, ordea, bestelakoa erabaki du eta, azken urteotan dozenaka euskal presoekin egin duen bezala, Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina aplikatu dio. Horrela, 2024ra arte ez dela aske geratuko erabaki du Madrilgo gobernuak.

Gainera, azken unera arte itxaron du erabaki horren berri emateko: kalera atera behar zuen egun berean jakinarazi diote beste 12 urtez luzatu diotela espetxe zigorra, espetxeko zuzendaritzak bidalita bere espedientea maiatzaz geroztik Ministerioaren mahai gainean zegoen arren. Antzeko kasuetan egin duen bezala, irteteko zorian zegoela eman diote ziegara itzultzeko agindua. Topaseko espetxearen atarian zain zituen senideak eta lagunak, berriz, etxera itzuli behar izan genuen ezintasunak eta nahigabeak jota.

Jokamolde krudela izan da bai Ramonekiko bai bere senide eta lagunekiko ere. Azken asteak kezka eta egonezinean bizitzera behartuak izan dira eta horrelakorik gerta zitekeela jakitun ziren arren, itxaropen izpi apurrak erabat zapuztuak geratu dira Gobernuak daraman politika mendekatzaileagatik.

Beren legeak maltzurki egokituta euskal preso politikoei bizi arteko zigorra ezartzea du helburu salbuespeneko politika horrek. Maila pertsonalean dituen ondorio tamalgarriez harago, Euskal Herrian abiatutako konponbide prozesuaren aurka hartutako erabakia da. Madrilgo eta Pariseko gobernuek entzungor jarraitzen dute euskal gizartearen gehiengoak egiten dien eskariaren aurrean: espetxe politika konponbidearen norabidean jartzeko. Hori gutxi ez, eta Espainiako Gobernuak entzungor egiten die baita ere Europatik datozen epaiei. Izan ere, ezin ahaztu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak uztailean, Ines del Rio euskal presoaren kasuan ebatzitakoa: 197/2006 doktrina legez kanpokotzat jo zuen Giza Eskubideen Europako auzitegiak, eta Ines del Rio berehala askatzeko. Haatik, Espainiako Gobernua bere itxikerian tematua jarraitzen du.

Guretzat, Ramoni eta beste 65 presoei egin diotena izen bakarrarekin defini daiteke: BAHIKETA.

Usurbilgo Herri Asanbladak indar guztiz salatzen du politika gizagabe eta salbuespenezko hori eta gure herrikidea berehala aske utz dezala exijitzen dio Madrilgo Gobernuari. Helburu horrekin dei egiten die usurbildar guztiei eta herriko eragile, talde eta alderdiei: ostiralean 19:00etan herrian egingo den manifestaziora.

Halaber, Ramon eta gainerako presoak etxeratu arte mobilizatzen segitzeko eta hurrengo egun eta asteetan antolatuko diren ekimenetan parte hartzera dei egiten die.

RAMON ASKATU! RAMON ETXERA! BIZI ARTEKO ZIGORRIK EZ!