Kantu-jira larunbatean

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 21a, 00:00

Ikasturte berriko bigarren saioa, larunbat arratsalde honetan, urriaren 26an ospatuko da. Ohi bezala, kantuzaleak 19:00etan abiatuko dira Mikel Laboa plazatik. Afal ordura arteko erronda egingo dute Kaxkoan. Bertaratu asmo duzuenok, ez ahaztu kantu-liburuxka eramatea. 

Usurbilgo Kantu Taldea azarorako emanaldi berezi bat prestatzen ari da, kantari ezagunekin. Zehaztasunak aurrerago. Bitartean, gogoan izan; asteartero burutzen dituzte entsegu saioak, 18:30-19:30 artean Udarregi Ikastolan, Susi Elosegi ikastolako musika irakaslearen gidaritzapean. "Entseguetan parte hartzea doakoa da. Usurbilgo Udalaren laguntza daukagu. Kantuan aritu nahi duen guztiak dauka Kantu Taldean parte hartzeko aukera", berri eman dute Kantu Taldetik.

Urtarrilean bost urte
Denbora nola pasatzen den. Bost urte beteko ditu Kantu Taldeak datorren 2014ko urtarrilean. Bilgunea 2009an jarri zuten martxan, eta ordutik, "230 bat kantu baditugu gure kantutegian. Kantuak kantatzen, ikasten eta plazaratzen saiatu gara. Kalean hainbat Kantujira, Kantuafariak, Lagunekin Kantari ekimenak, Bertso-Kantujirak eta inguruko jaietan parte hartuz, kantatzeko ohitura berreskuratzen ibili gara eta halaxe segitzea da gure nahia".