Azken ordua Madrildik; Espainiako Auzitegi Nazionala ezohiko batzarra burutzeko bildu da 9:15etan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak atzo emandako epaia eta Ines del Rio presoaren egoera aztertzeko. Aho batez, tafallarra aske uztea erabaki du, Estrasburgotik heldutako epaia irmoa baita, ez du errekurritzeko aukerarik ematen. Del Rio kartzelaratua dagoen Curtiseko espetxeari jakinarazi diote erabakia, eta Tafallako herritarra 16:15 aldera utzi dute aske.
Ines del Rioren kasuan Estrasburgok eman duen epaia ikusita, bide beretik, "Parot" izenez ezaguna den doktrinaren eraginpean dauden gainerako euskal presoak aske uzteko eskabidea aurkeztuko dute, egoera berean, 197/2006 doktrinaren eraginpean bidegabeki espetxean jarraitzen duten beste 55 euskal presoen abokatuek. Gogoan izan, espetxean egon arren, kalean behar luketen 55 presoen zerrenda horretan da usurbildar bat; Ramon Uribe. Zigor osoa beteta, iragan abenduaren 3an kalean behar zuen kalezartarrak, baina ia urtebete beranduago, kartzelan jarraitzen du Salamancako Topasen. Uriberi 2024. urtera arte luzatu zioten zigorra. Kalezartarra berehala aske uztea eskatu zen atzo iluntzean, urgentziaz Mikel Laboa plazan deitu zen mobilizazioan.