Euskarazko irakurketa-topaketa prestatzen ari da liburutegia

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 22a, 00:00

Azaroaren 25erako, astelehena, arratsaldeko 19:00etan programatu asmo du ekimena, Pako Aristi gidari duela. Topaketa honen baitan, Jon Arretxeren "19 kamera" liburua komentatuko da. "Parte hartzera animatuko zinateke?" luzatzen dute gonbita liburutegitik. Interesa duenak, Sutegiko liburutegiko harrera gunera bertaratu eta jakinarazi dezala inolako konpromisorik gabe. Hitzordu honi loturiko ohar bat; azaroaren 25ean komentatuko den Jon Arretxeren "19 kamera" "liburuaren ale ezberdinak Liburutegiak eskuratuko ditu interesa duenarentzako; izan ere, liburua aldez aurretik irakurriz gero, etekin handiagoa aterako baitiogu topaketari".

Liburutegien Eguna ostegunean
Liburutegien Eguna ospatuko da urriaren 24an. Sorpresaren bat edo beste izango omen da Sutegi udal liburutegian. Hala aurreratu dute arduradunek blog bidez. Bestalde, atal berri bat ireki dute liburutegiko Haur Txokoan. "English Corner" delakoa, 4-11 urte artekoei zuzendua. 

Miriam Mendozaren ipuin kontaketa saioa, arrakastatsua
Iragan urriaren 17an, Miriam Mendoza ipuinak kontatzen aritu zen HH4koei Sutegi udal liburutegian. Ekimena beste behin, arrakastatsua izan zen, antolatzaileek blog bidez berri eman dutenez. Ekitaldiko bideo bat zintzilikatu dute eta baita honako balorazio kronika ere;

"Urriak 17a, arratsaldeko 6ak: Miriam Mendozak ongi etorria eman die 4 urteko neska mutil usurbildarrei. Eta hortik aurrera, oso giro berezia sortu da Liburutegiko Txiki-Txokoan: elkarrizketa, konplizitatea, jolas giroa, isiltasuna, arreta…eta hori, 30 ume eta beste dozena erdi bat guraso zegoenik areto txiki horretan!

Hitz jolasak, asmakizunak, liburuez lagundutako ipuinak, edo libururik gabe kontatutakoak, txotxongilo txikiak…guzti horiek eta gehiago baliatu ditu Miriamek haurrak bereganatzeko, eta hauek bete betean sartu dira jokoan.

Berrogei minutuko saioa aurreikusita zegoena, ia ordu betez luzatu da, kontaketa bat bukatu orduko, “Beste bat, beste bat…”eginez hasten baitziren haurrak. Hori bai, Miriam hizketan hasi orduko, isiltasuna izan da nagusi aretoan. Oso adierazgarria!

Goiko bideoan ikusi ahal izango dituzue emanaldiaren unetxo batzuk. Mila esker Miriam, plazer bat izan da!".

LIBURUTEGIRA HELTZEKO:
Helbidea: Irazu 14, 20170 Usurbil, Gipuzkoa. 
Telefonoa: 943 360 692.
Emaila: biblioteka@usurbil.net.
Twitter: @usurbib.
Facebook: Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegia.
Bloga: http://liburutegiak.blog.euskadi.net/usurbil