Euskal zinea Sutegin, udazken eta negu parte honetan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 22a, 00:00

Datozen igande arratsalde ilun eta hotzak samurtzeko plan ezin hobea proposatzen dute Usurbilgo Udaletik, udazken eta negu parte honetarako; Sutegiko auditoriora jaitsi, gustuko butakan eroso asko eseri eta euskal zineaz gozatzea. Azarotik martxora, hilero euskarazko bi film proiektatuko dituzte Sutegin; lehen igandeetan haurrei zuzendurikoak, 17:00etan hasita, 3 euroren truke. Bigarren igandeetan, helduentzako filmak, 18:00etatik aurrera, 5 euroko sarrera ordainduta. 

Usurbilgo Udalak jada zehaztua du datozen bost hilabete hauetan proiektatu asmo dituen filmen izenburuak. Batzuk "labetik" atera berriak. Azaroaren 10ean proiektatuko baita helduentzako lehen pelikula, duela gutxi estreinatu den "Amaren eskuak". Azaroaren 3an, haurrentzako lehen filma eskainiko da; "Animal Channel".

Eta martxora arte ze euskal filmez gozatzeko aukera egongo den Sutegin? Hemen aurrerapen moduan, izenburuen zerrenda:

HAURRENTZAT:
-"Animal Channel".
-"Blackie kanuto".
-"Kiriku eta basapiztiak".
-"Malutatxo".
-"Ahmed, Alhanbrako printzea".

HELDUENTZAT:
-"Amaren eskuak".
-"Azken bidaia".
-"Mugaldekoak".
-"Sukalde kontuak".
-"Zorion perfektua".