Usurbilgo Ernai: "Borrokan jarraitzea ezinbestekoa da"

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 22a, 00:00

Gaur epaia bete dezan, bihar gainontzeko salbuespen neurriak bertan behera gera daitezen eta etzi euskal preso eta iheslari politikoak etxean, libre izan daitezen, borrokan jarraitzea ezinbestekoa dela dio Usurbilgo Ernaik, Europako Giza Eskubideen Auzitegia 197/2006 doktrinaren aurka mintzatu ostean. Estrasburgok kaleratu berri duen epaia baloratu du bilguneak. Pozik hartu dute albistea, baina gogorarazten dutenez, "oraindik preso jarraitzen duten euskal herritarren zoria espainiar Estatuaren esku dago, tartean Ramon Uribe Navarro usurbildarra". Honatx, Usurbilgo Ernairen adierazpena, bere osotasunean:

BAT INON LOTURIK DEINO EZ GARA LIBRE IZANGO!!! 197/2006 DOKTRINA STOP!!! RAMON, INES ETA BESTEAK ETXERA!!!
Ezagutu berri dugu 197/2006 Doktrinaren inguruan Estrasburgok emandako epaia. Bazen garaia. Euskal herritarrok urteak daramatzagu salbuespen lege honen aurka borrokan. Zorionak beraz, etsipenean erori gabe lanean aritu zareten guztioi, gaurkoa, herri honen determinazioaren garaipena da.

Pozez jasotako berria bada ere, berandu dator. Berandu, dozenaka presok, aplikatu zaien salbuespen lege honen ondorioz, inork itzuliko ez dizkien hainbat urte igaro dituztelako kartzelan, estatuen mendeku gosez. 197/2006 ez da ordea euskal preso politikoei aplikatzen saien salbuespen lege bakarra, baditu hainbat aurrekari. Hala nola, dispertsioa, zeinaren bidez presoen agente politiko izaera deuseztatu eta bide batez, senide eta lagunei ere zigorra ezartzen zaien. Baita gaixo larrien afera ere, presoei heriotz zigorra aplikatuz.

Estrasburgo mintzatu da. Orain ordea, oraindik preso jarraitzen duten euskal herritarren zoria espainiar Estatuaren esku dago, tartean Ramon Uribe Navarro usurbildarra. Pasa den aste hasieran Mariano Rajoyk ez zuen epaia aplikatuko duten ala ez argitu. Audientzia Nazionalak berriz, ostiralean aztertuko duela iragarri du. Zer egingo du 197/29006 Doktrinaren zilegitasuna sutsuki defendatu duen espainiar Estatuak? Epaia aplikatzeko pausuak eman ditzan, ez da aski Estrasburgotik eratorritako erabakia, guk borrokan jarraitzea ezinbestekoa da. Gaur epaia bete dezan, bihar gainontzeko salbuespen neurriak bertan behera gera daitezen eta etzi euskal preso eta iheslari politikoak etxean, libre izan daitezen.

Espainiar Estatua ordea ez da halako neurri neurrigabeak ezartzen dituen bakarra. Frantziar Estatuan ere bada mugarik gabeko kartzela zigorra, eta horrekin ere amaitzea beharrezkoa da. Guztion ekarpenaz soilik lortuko dugulako, tantaz tanta osa dezagun salbuespen neurri oro desagerrarazi eta etxera ekarriko dituen itsasoa".