Modu horretan baloratu zuten atzo Mikel Laboa plazan urgentziaz burutu zen elkarretaratzea deitu zuten eragileek. Albiste ona zela, goizean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurka emandako epaia. Albiste ona bai giza ikuspegitik, aspaldi kalean behar izan eta espetxean urte luzez egon den euskal preso bat baino gehiagorentzat askatasuna suposatu dezakeelako, eta albiste ona baita, ikuspegi kolektibo batetik; atzo iluntzeko deialdian nabarmentzen zutenez, "salbuespenezko espetxe politikaren amaieraren hasiera da" eta.
Garaile eta garaituen diskurtso horretan erori gabe, "gaurko garaileak giza eskubideak dira" aipatu zuten Mikel Laboa plazan. Eta hori, giza eskubideak betetzeko eskatu zen. Mobilizazioko aldarriak ere hala zioen; "Minutu bat gehiago ez. Ordua heldu da. 197/2006 doktrina eten". Bidegabeki preso daudenen askatasuna atzeratzea, atzoko epaia eta gero prebarikaziotzat joko dela adierazi zuten, "legez kanpoko zigorra luzatzea baita". Honen guztiaren aurrean, egoera berri hau arduraz kudeatzeko eskaera luzatu zitzaion gobernu espainiarrari. Usurbildar batena tartean. Beste hamarnaka presoren artean, Ramon Uribe usurbildarrari aplikatu zitzaion eta iaz, 197/2006 doktrina. Kalean behar zuen iragan abenduan, baina espetxean jarraitzen du oraindik.