Udalak bizikletaren erabilera sustatu nahi du herri barruan

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 23a, 00:00

Usurbilen bizikleta gainean ibiltzeko bide sare proposamena aurkeztuko dute astelehenean, urriaren 28an, 18:00etan hasita Potxoenean. Usurbilgo Udalak eskatuta, Biziker, Mugikortasun Aholkularitza enpresak eginiko azterlana aurkeztuko da bost egun barru jendaurrean. Bizikleta erabili ohi dutenek, baita gainerako herritarrek ere aurkezpena entzun eta ekarpenak egiteko aukera izango dute aipatu bilera ireki horretan. Adibidez, "sarearen trazatuari dagozkionak izan daitezke, edota gure lanean antzeman ez ditugun beharren ingurukoak", Biziker enpresatik adierazi dutenez. 

"Udalak bizikletaren papera garraiobide gisa indartzeko aukera handiak direla sinesten du", adierazi dute Bizikerretik. Egitasmo honen bidez, autoa aparkatuta utzi eta bizikletaren erabilera bultzatu eta erraztu nahi da herri barruan. Bai joan etorri motzetan, baita luzeagoetan ere; hala nola, erosketak egitera joaterakoan, haurren bila ikastolara, tren geltokira... Kasuotan eta autoa baliatu ohi den eguneroko beste hainbat egoeratan, bizikletaren erabilera sustatu nahi dute. 

Beti ere oinezkoen espazioa kaltetu gabe, eta bizikleta galtzada autoekin partekatuta, modu seguru eta erakargarrian. Gai honi buruzko azterlana egin duen Biziker enpresakoen esanetan, Kaxkoak bertan bizikleta integratzeko aldeko ezaugarri bi behintzat baditu; trafiko abiadura eta intentsitate baxua batetik, eta galtzaden egoera. Galtzadak "gain-dimentsionatuak" daudela diote Bizikerretik, eta honenbestez, "bizikleta txertatzeko espazioa eskaintzen dutela". Oztopo nagusia berriz, malda da. Baina asteleheneko aurkezpenean zehaztuko duten moduan, zailtasun hau gainditzeko irtenbideak ere mahai gainean jarriko dituzte.

Behar ez denean autoa utzi, eta bizikletaren erabilera sustatu nahia
Egitasmoa bideragarritzat jotzen dute Bizikerretik, "ia obra lanik behar ez duten soluzioak" planteatuko dituztela iragarri dute. Eta onuragarritzat jotzen dute baita, herri barruan bizikletaren erabilera sustatzea, bai ingurumen mailan, baita herritarrentzat ere. Gogorarazten dutenez, "autoa ez dago hiri barnean mugitzeko pentsatua". Baina sarri, beharrik izan gabe ere autoa erabiltzen da joan etorri laburretan. Kasuotan, bizikletaren erabilerak autoarena ordezkatzea nahi dute. Beti ere kontuan izanda, "gaur egun autoaren kulturak gure artean duen indarra". Horretarako, "informazioa, hezkuntza eta sustapena landu behar dira", Bizikerrekoen esanetan.


AURKEZPENA
Eguna: urriak 28, astelehena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Potxoenea.
Hizlaria: Ander Irazusta, Bizikerreko mugikortasun aholkularia. 
Edukia: 2013ko udaberrian Usurbilen bizikleta mugikortasuna ereduan bateratzeko azterketa abiatu zen. Lehendik eginda zeuden azterketak abiapuntutzat hartu eta Usurbilen bizikletaren erabilpena erraztu eta sustatuko duen proposamena landu da. Lanaren aurkezpen publikoa egingo da urriaren 28an. Herrigunean bizikletari nola txerta daitekeen eztabaidatuko da.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.