TELP tailerraren helburua, "gure eremu linguistikoa ezagutu eta zabaltzea"

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 23a, 00:00

Ostiralean sarrera hitzaldia eta larunbatean egun osoz, gure bizimoduan euskara ahalik eta gehien erabili ahal izateko tresnak, baliabideak eskainiko dituen TELP ikastaroa antolatu du Nafartarrak Elkarteak. Gemma Sanginesek gidatuko du saioa. Gogoan izan, izen emateak zabalik jarraitzen duela; Potxoenean edo aihert@gmail.com helbidean. Partaidearen izen abizenak, emaila eta telefono zenbakia adierazi beharko dira, apuntatzerakoan. Prezioa, 25 euro. Kutxabankeko ordainagiria ere aurkeztu beharko da. Ordainketak, Kutxabankeko kontu korronte zenbaki honetan egin beharko dira: 2095 5069 02 1063804198. Urriaren 25eko sarrera-hitzaldian parte hartzen duenari, tailerreko dirua itzuliko diote antolatzaileek. 

"Euskara aritzeko tresna psikologikoak" irakastera dator sortzez euskalduna, baina Valentizian bizi den Gemma Sangines. Valentziako Psikologia Unibertsitateko irakaslea da bera. Tailerraren nondik norakoen berri eman dio NOAUA!ri:

TELP, euskaraz bizitzen laguntzeko tailerra
TELP ("Taller d´espai lingüistic personal) tailerra antolatu du Nafartarrak Elkarteak urriaren 25 eta 26rako. Euskara ahalik eta gehien erabiltzeko tresnak irakatsiko ditu bertan, Gemma Sanginesek, Valentziako Psikologia Unibertsitateko irakasleak. Jatorriz euskalduna, Usurbila dator astebete barru, gure ama hizkuntzarekiko ardura dutenei eguneroko bizimoduan euskaraz bizi ahal izateko baliabideak irakastera. Izen ematea zabalik ostiralera arte.

Zein da tailerraren helburua?
Gemma Sangines:
Gure eremu linguistikoa ezagutu eta zabaltzea. Normalean hiztun gutxituek espazio hori oso gutxitua eta zatituta izaten dugu, eta arazoz betea.

Valentzian du tailer honek jatorria. Nolatan?
2003an sortu genuen proiektu pilotu bat Ferran Suayk eta nik Valentziako Unibertsitatean. Konturatu ginen, katalanez hitz egiten zutenak, nahiz eta kontzientziadunak izan hizkuntzarekin, askotan erdarara jotzen zutela. Hor zerbait gertatzen zela jabetu ginen; alde batetik, jendeak badu kontzientzia eta ez dio uko egin nahi katalanari, baina gero bestalde, erdaraz egiten du. Batzuk hori normaltzat jotzen dute baina beste batzuk, oso txarto sentitzen dira. Gero Euskal Herriko jendearekin harremanetan jarri eta Emun bidez, hemen lanean hasi ginen baita.

Psikologiari loturiko tailerra dugu?
Ferran Suay eta ni neu psikologoak gara. Orduan gure esperientziatik, lanbidetik saiatu ginen ekarpen hori egiten. Soziolinguistikatik bazegoen gai hau nolabait ikasia, ikertua, baina guk psikologo moduan zerbait esan genezakeen gai honi buruz, maila pertsonal batean. Hiztunaren jokaerak, portaerak egiten du bidea, edo nabarmentzen du gizarte batean zer egiten den edo nola jokatzen dugun elkarrekin, hizkuntza aldetik. 

Baliabideak edo tresnak eman nahi dituzue tailerrean?
Euskaraz aritzeko tresna psikologikoak. Herrialde Katalanetan berdin katalana mantentzeko. Galizian ere aurkezpena egin dugu. Hiztun gutxituak zenbait baliabide psikologiko erabil ditzake bere hizkuntza mantentzeko.

Zuen tailerretan parte hartu dutenek zer eboluzio izaten dute gero?
Jarraipen aldetik lan handirik ez dugu egin, alor hau hobetu behar dugu. Halere, badugu harreman zuzena, tailerra egiten duten pertsonekin. Haien bizipenen berri dugu, Emunek ere blog bat sortu du. Horren arabera ikusten da, bai epe motzera eta luzera aldaketak egin direla. Batzuk hasieran, tailerra egin ostean aurrerapen handia egin eta gero finkatzen dira. Bada jendea tailer honetan ikasitakoa bizitzako beste eremuetan erabiltzen duena, ez bakarrik hizkuntzarekin, baizik eta besteekin. Batzuetan ez dakigu ezetz esaten, edo gauzak ez dakizkigu ondo esaten. Orduan tresnok erabil daitezke, bizitzako beste eremuetan.

Animatu herritarrak tailerrera. Zer esan?
Zure hizkuntzarekiko arduratu nahi baduzu izena eman eta etorri. Ardura hartzeak ere laguntzen du aldatzen. Libreago izan nahi dutela sentitzen badute baita. Oinarri psikologikoak ikasiko ditugu, zergatik gertatzen zaigun gertatzen zaiguna, zergatik jokatzen dugun horrela, eta gero modulu txikiak zer sentitzen dugun ikasteko, nola hasi aldaketak, nola esan besteoi aldatuko dugula gure jokaera ondo sentitzen, nola defenda gaitezkeen kritikaren aurrean.

Euskararekin duzun harremana non eta nola hasten da?
Bilbon jaioa naiz. Euskaltegira joan nintzen 20 urte arte. Barnetegi batean parte hartu nuen baita. Baina gero 20 urterekin Espainiara bizitzera joan nintzen. Neure eremua dena zen erdalduna, neure familia baita. Valentzian bizitzen, alabak izan ditut. Euskal Herrian lan honekin hasi nintzenean konturatu nintzen, beharrezkoa zela niretzat euskara eta horretan hasi nintzen. Falta zait oraindik baina orain familia osoa saiatzen gara euskara mantentzen, eta Euskal Herrira joaten garenean beti euskaraz egiten. Maite dugu hizkuntza eta.