Ostiralean hasiko dira aztertzen, gainerako presoen egoerak

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 23a, 00:00

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rio presoa berehalakoan aske uztea eskatu eta 197/2006 doktrinaren aurkako epaia kaleratu ostean, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo utzi zuen aske tafallarra. Londreseko Auzitegi Gorenak ere baldintzapean aske utzi zuen Antton Troitiño. Hedabideak berri ematen ari direnez, Espainiako Auzitegi Nazionala ostiral honetan, 197/2006 doktrina aplikatu zaien gainerako 58 presoren egoera aztertzen hasiko da. Madriletik esana dute, preso bakoitzaren egoera banaka, kasuz kasu aztertuko dutela. Etzi, bi kasu izango dituzte mahai gainean; Juan Manuel Piriz Portugaleteko presoarena eta Joxepa Ernagarena. Gogoan izan, "Parot" doktrinaren eraginez espetxean jarraitzen duten preso hauen artean usurbildar bat dagoela; Ramon Uribe kalezartarra.  Zigor osoa beteta abenduaren 3an kalean behar zuen, baina 197/2006 doktrina aplikatu ostean, kartzelan jarraitzen du oraindik. Salamancako Topasen.

BERANDU IRITSI DEN ALBISTE ONA
Estrasburgokoa "bost urte berandu" datorren erabakia dela salatu dute gaur Iruñean prentsaurrera agertu diren eragile politiko, sindikal eta sozial hainbatek. Albiste ona dela adierazi dute, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaiarekin, "ez du Ines del Riok irabazi, ezta ETAk ere, euskal gizarteak eta Espainiako gizarteak irabazi dute" zioten. Ines del Rio aske utzi ostean, 197/2006 doktrinaren eraginpean espetxean jarraitzen duten gainerako presoak berehala aske uztea eskatu dute. Eskaera honen bueltan elkartu dira besteak beste, EH Bildu, LAB, ESK, EILAS, Etxerat, Eleak, Ernai edota EPPK