Gorriz margotua ageri zaigu egutegian, biharko eguna, urriaren 25a. Ofizialki jai eguna baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Baina ostiral honetan ospatzeko ezer ez dagoela dio Usurbilgo Ernaik. Biharkoa jai egun arrotza dela diote, eta honenbestez, intsumisioa adierazteko gonbita luzatzen dute gazte erakundetik. Goizeko 10:30etatik eguerdi partera, ekimen desberdinak antolatu dituzte frontoian. Gosaria lehenbizi, eta herri eskola gero. Frankismotik gaurdainoko Euskal Herriaren ibilbidea hizpide hartuko dute bertan. Eta 13:00etan argazki erraldoia atera asmo dute:
Urriak 25, ostirala
10:30-11:00 Gosaria frontoian.
11:00-13:00 Herri eskola: "Euskal Herria: frankismotik gaurdaino" (Iñaki Egaña historialariaren eskutik).
13:00 Argazki erraldoia.
Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.
Jai, azken aldiz
Biharkoa, udal zerbitzuetan ere ez da ohiko jai eguna izango. Ateak zabalik izango dituzte. 1979ko Gernikako Autonomia Estatua onartu zeneko eguna dugu urriaren 25a. Patxi Lopez lehendakaria buru zuen legegintzaldian, orduko gehiengoa baliatuta erabaki zuten urriaren 25a jai eguna izatea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Erabakia 2010. urteako apirilaren 22an hartu zuten. Baina 2011. urtean ospatu zen lehen aldiz. Iaz eta aurten ere, urriaren 25a jai eguna izango da. Baina 2014an ez. 2012ko urriko hauteskundeen ostean osaturiko Eusko Legebiltzar berriko gehiengoak egun hau jai egun ez izatea eskatu zuen iragan ekainaren 6an. Biharkoa beraz, urriaren 25a jai eguna izango den azken aldia dugu.
2011ko urriaren 25ean Itayak Mikel Laboa plazan antolatu zuen herri eskola, ondoko irudian.