Konpostatzearen inguruko erakusketa igandean frontoian

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 24a, 00:00

Igande goiz eta eguerdi partean frontoian bisitatu ahal izango den konpostatzearen inguruko erakusketa batekin amaituko dira, ostegun honetan hasiko diren "Konpost Egunak". Konpostatzeari loturiko gertuko eta munduko esperientziei loturiko informazio panelak, konpostagailuen ereduak, Usurbilen herritarren ahaleginez lorturiko konposta oparituko dute, produktu ekologikoen postuak egongo dira... Informazio gune bat ere jarriko dute, auzokonpostatze egitasmoan izena emateko, baita jada zereginotan dabiltzan herritarrek kezka edo zalantzaren bat baldin badute, puntu guztiok ere argitzen laguntzeko. 

Auzokonpostaguneetara ere bisita gidatuak iragarri dituzte. Jada funtzionamenduan dauden guneetara bisitak, baita laster martxan izango den gune berri bat nola egokitzen amaitzen duten (udaletxe ondoan kokatuko dutena), zuzenean ikusteko aukera egongo da.

URRIAK 27, iGANDEA: 10:00-14:00, frontoian:
-Hondakin organikotik konposta eskuratzeko prozesuaren informazioa.
-Munduko eta gertuko hainbat esperientzia.
-Konpostagailu ezberdinen erakusketa.
-Konpost-motak ezagutu.
-Bakarka zein auzolanean konpostatzen hasi nahi dutenentzako izena emateko aukera.
-Usurbilgo auzo-konpost gune batera bisita.
-Herrian auzolanean egindako konpostaren banaketa, etxera eraman nahi dutenentzat.

Erakusketarekin batera bestelako postuak ere izango dira: lore salmenta, arrautza ekologikoen prozesua eta barazki ekologikoen postuak…