Mahai ingurua gaur Hernanin, Konpost Egunei hasiera emateko

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 24a, 00:00

Ostegun honetan ekingo zaio "Atez Atekotik Zero Zaborrerantz" jardunaldien hirugarren edizioari. Konpostatzea hartu dute ardatz nagusi eta gai honi loturiko mahai ingurua antolatu dute gaur 19:00etan, Hernaniko Biteri kultur etxean. Auzokonposta, autokonposta, konpostatzea hartuko dute ahotan, hitzorduan parte hartuko duten hizlariek. Alderdi desberdinak jorratuko dituzte; Gipuzkoako auzokonpostari loturiko datuak, herritarrak auzokonpostatzera erakartzeko lanketa, auzokonpostaguneak, konpostatzen aritzeko herritarrei eskaini beharreko trebakuntza... Eta hizlarien artean ere, denetarik dago; zero zabor taldeetako ordezkariak, udal ordezkariak, teknikariak... Hemen, hizlarien zerrenda eta jorratuko dituzten gaiak; usurbildar bat tartean dela:

-Joxemari Irazusta (Usurbil Zero Zabor taldeko kidea):"Auzo-konpostaren egoera Gipuzkoan 2013ko urrian".
-Orkatz Goenaga (teknikaria Urola erdian, Zero Zaborreko kidea Tolosan): "Auzo-konpostatzaileak lortzeko sustapen kanpaina desberdinak".
-Imanol Biain (Oñati Zero Zabor taldekoa, Natur eskulako langilea):"Gune urbano trinkoetan auzo-konpost guneak non, nolakoak? Hautatzeko irizpideak".
-Gorka Egia (Orendaingo alkatea):"Nola lortzen da herri oso bat konpost egiten jartzea?".
-Xabat Larrarte (Hernanin Atez Atekoaren teknikari):"Autokonpostatzen hasteko herritarrei eman beharreko trebakuntzaren edukia".
-Jon Ander Galarraga (biologoa, konpostaje teknikaria Tolosan):"Egituratzailearen aukeraketa".

Hizlariek esan beharrekoak esan ostean, bertaratuko direnen txanda, galderak egin edota iritzia emateko. Saioa herritar orori zuzendua dago, baina bereziki, ingurumen arloan lan egiten duten teknikari edota udal ordezkariei.