Eta hilero bezala, azken ostiraletako presoen eskubideen aldeko mobilizazioak hiriburu eta herrietako kaleak beteko dituzte beste behin. Aldaketarik ez bada behintzat, Usurbilen, iluntzeko 20:00etan Mikel Laboa plazan egingo da elkarretaratzea. Herriraren aurka irailaren 30ean egin zen polizia operazioaren osteko lehenengo "azken ostirala" izango da urriaren 25 honetakoa. Baita, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurkako epaia kaleratu osteko lehena ere.
Eta urriko azken ostiral honetan Espainiako Auzitegi Nazionala, 197/2006 doktrina aplikatu izanagatik espetxean jarraitzen duten gainerako presoen egoera aztertzen hasiko da. Madriletik esana dute, preso bakoitzaren egoera banaka, kasuz kasu aztertuko dutela. Ostiralean bi kasu izango dituzte mahai gainean; Juan Manuel Piriz Portugaleteko presoarena eta Joxepa Ernagarena. Gogoan izan, "Parot" doktrinaren eraginez espetxean jarraitzen duten preso hauen artean usurbildar bat dagoela; Ramon Uribe kalezartarra. Zigor osoa beteta abenduaren 3an kalean behar zuen, baina 197/2006 doktrina aplikatu ostean, kartzelan jarraitzen du oraindik. Salamancako Topasen.