Usurbilen bizikleta gainean ibiltzeko bide sare proposamena aurkeztuko dute gaur, urriaren 28an, 18:00etan hasita Potxoenean. Usurbilgo Udalak eskatuta, Biziker, Mugikortasun Aholkularitza enpresak eginiko azterlana aurkeztuko da bost egun barru jendaurrean. Bizikleta erabili ohi dutenek, baita gainerako herritarrek ere aurkezpena entzun eta ekarpenak egiteko aukera izango dute aipatu bilera ireki horretan. Adibidez, "sarearen trazatuari dagozkionak izan daitezke, edota gure lanean antzeman ez ditugun beharren ingurukoak", Biziker enpresatik adierazi dutenez.
"Udalak bizikletaren papera garraiobide gisa indartzeko aukera handiak direla sinesten du", adierazi dute Bizikerretik. Egitasmo honen bidez, autoa aparkatuta utzi eta bizikletaren erabilera bultzatu eta erraztu nahi da herri barruan. Bai joan etorri motzetan, baita luzeagoetan ere; hala nola, erosketak egitera joaterakoan, haurren bila ikastolara, tren geltokira... Kasuotan eta autoa baliatu ohi den eguneroko beste hainbat egoeratan, bizikletaren erabilera sustatu nahi dute.
Beti ere oinezkoen espazioa kaltetu gabe, eta bizikleta galtzada autoekin partekatuta, modu seguru eta erakargarrian. Gai honi buruzko azterlana egin duen Biziker enpresakoen esanetan, Kaxkoak bertan bizikleta integratzeko aldeko ezaugarri bi behintzat baditu; trafiko abiadura eta intentsitate baxua batetik, eta galtzaden egoera. Galtzadak "gain-dimentsionatuak" daudela diote Bizikerretik, eta honenbestez, "bizikleta txertatzeko espazioa eskaintzen dutela". Oztopo nagusia berriz, malda da. Baina asteleheneko aurkezpenean zehaztuko duten moduan, zailtasun hau gainditzeko irtenbideak ere mahai gainean jarriko dituzte.
Behar ez denean autoa utzi, eta bizikletaren erabilera sustatu nahia
Egitasmoa bideragarritzat jotzen dute Bizikerretik, "ia obra lanik behar ez duten soluzioak" planteatuko dituztela iragarri dute. Eta onuragarritzat jotzen dute baita, herri barruan bizikletaren erabilera sustatzea, bai ingurumen mailan, baita herritarrentzat ere. Gogorarazten dutenez, "autoa ez dago hiri barnean mugitzeko pentsatua". Baina sarri, beharrik izan gabe ere autoa erabiltzen da joan etorri laburretan. Kasuotan, bizikletaren erabilerak autoarena ordezkatzea nahi dute. Beti ere kontuan izanda, "gaur egun autoaren kulturak gure artean duen indarra". Horretarako, "informazioa, hezkuntza eta sustapena landu behar dira", Bizikerrekoen esanetan.
AURKEZPENA
Eguna: urriak 28, astelehena.
Ordua: 18:00.
Tokia: Potxoenea.
Hizlaria: Ander Irazusta, Bizikerreko mugikortasun aholkularia.
Edukia: 2013ko udaberrian Usurbilen bizikleta mugikortasuna ereduan bateratzeko azterketa abiatu zen. Lehendik eginda zeuden azterketak abiapuntutzat hartu eta Usurbilen bizikletaren erabilpena erraztu eta sustatuko duen proposamena landu da. Lanaren aurkezpen publikoa egingo da urriaren 28an. Herrigunean bizikletari nola txerta daitekeen eztabaidatuko da.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.
BIZIKLETAREN ERABILERA SUSTATZEKO EGITASMO AURKEZPENA
Udalaren enkarguz, Usurbilen bizikletaren erabilera sustatu eta errazteko lanketa egin dute Biziker, Mugikortasun Aholkularitzako Ander Irazusta geografoak eta Maria Pons arkitektoak. Azterlanaren emaitza, astelehenean 18:00etan emango dute ezagutzera Potxoenean. Bertaratzen diren herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote.
Zeintzuk dira urriaren 28an aurkeztera zoazten egitasmoaren ardatz nagusiak?
Ander Irazusta: Usurbilen bizikletaz zirkulatzeko baldintza eroso eta seguruak eskaintzen dituen bizikleta bide sare proposamen bat aurkeztuko dugu. Udalak bizikletaren papera garraiobide gisa indartzeko aukera handiak direla sinesten du, aisialdirako eta kirola egiteko duen erabileraz haratago. Gaur egun bizikletaz zirkulatzeko baldintza egokiak ez dira ematen Usurbilen, izan ere, bide sarea trafiko motordunaren beharrei begira pentsatu eta diseinatu izan da orain arte. Baina badira bizikleta lanera, ikastera, gestioak edo erosketak egitera joateko erabiltzen duten usurbildarrak. Honek aditzera ematen digu egungo bizikletaren erabilera maila potentzialki izan daitekeena baino askoz baxuagoa dela. Ezkutuko eskaera horri erantzuna emateko plangintza landu dugu beraz.
Bileran herritarrek zer nolako ekarpenak egin ahal izango dituzte?
Sarearen trazatuari dagozkionak izan daitezke, edota gure lanean antzeman ez ditugun beharren ingurukoak.
Egitasmo honekin ze erraztasun eskaini asmo dituzue?
Bidegorri edo bizikleta bide sare egoki batek segurtasuna, erosotasuna eta erakargarritasuna bermatu behar du bizikletaz egiten diren bidaietan. Beraz, ahalik eta zonalde eta ekipamendu gehien elkarlotzen saiatu gara, ahalik eta bide motzenetik eta era seguruan. Zati batzuetan, gutxienetan, bidegorria ibilgailu motordunengandik banandua egongo da eta gainontzekoetan partekatua izango da, beti ere beharrezko segurtasun baldintzekin. Horretarako hainbat bizikleta bide motak baliatu dira.
Herri gunean sustatu nahi da bizikletaren erabilera? Auzoekin lotura egin nahi da?
Gure proposamena Kaxkoan erdiratu da lehen fase honetan, baina Kaxkoa gainontzeko auzoekin lotzea ezinbestekoa izango da; zentzu horretan, hor dago Gipuzkoa mailako Bizikleta Bideen plangintza, berriki Aldundiak onartutakoa, eta Udalak duela urte batzuk eskatutako auzoen arteko loturen azterketa.
Ezaugarri egokiak al ditu Usurbilgo erdiguneak bizikleta gainean ibiltzeko?
Kaxkoak barne joan-etorri gehienak oinez egiteko tamaina eta distantzia egokiak ditu, baina distantzia horiek ibiliak izateko luzeegiak direnean bizikleta alternatiba ona izan daiteke, are gehiago Kaxko barruko distantzia laburrak dituzten desplazamendu asko autoz egiten direla kontuan hartuta. Bizikleta Usurbilgo mugikortasun sisteman integratzeko eredu berri bat proposatzen dugu, hau da, bizikleta galtzada autoekin partekatzea bilatzen dugu, beti ere modu seguru eta erakargarrian. Helburuetako bat oinezkoen espazioari kalterik ez egitea da. Kaxkoko trafikoaren ezaugarri orokorrek asmo hau errazten dute (trafikoaren abiadura eta intentsitate baxuak), eta bestalde, asko laguntzen duen beste ezaugarri bat aipatu behar da: egungo galtzadak gain-dimentsionatuak daudela, hau da, bizikleta txertatzeko espazioa eskaintzen dutela. Kaxkoak duen oztopo bakarra malda da, proposatutako hainbat soluzio ezberdinez gainditua izan dena. Beraz, proposamen egingarria aurkeztuko dugu, ia obra lanik behar ez duten soluzioak ekarriaz.