Gaztadun pintxo festa igandean

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 28a, 00:00

Sei egun barru ospatuko da Tipi-Taparen bederatzigarren edizioa. Azaroaren 3an, goiz eta eguerdi partean, Xarma, Txirristra, Txapeldun, Artzabal, Bordatxo, Txiriboga eta Aitzaga tabernetan. Oraingoan, gazta hautatu dute tabernariek, Hurbilago Elkarteak Udalaren laguntzaz antolaturiko ekimen honetako pintxo bereziak prestatzeko. Lasaña, brotxetak, kroketak, pudina… dastatu ahalko da igandean, urteko ardo zuri, gorri edo beltz, txakolin, ur, sagardo, zurito edo muztioz lagundua 2 eurotan. Edaririk gabe, pintxoa bakarrik, 1,5 euroren truke. Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutzeko erosketa balea zozketatuko da oraingoan ere. Gogoan izan, denboraldi honetarako antolakuntzak txertatu duen berrikuntzetako bat dugula hain zuzen, aipatu zozketa. Aurrerantzean, hilero Hurbilago Elkarteko establezimenduetan xahutu ahal izango den erosketa-balea zozketatuko dute. Azaroaren 3koa, Xarma tabernan, arratsaldeko 15:00etan.