"Animal Channel" filma, euskal zinearen zikloa hasteko

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 28a, 00:00

Usurbilgo Udalak udazken eta negu parte honetako igande arratsaldeak Sutegiko auditorioko goxotasunean igarotzeko gonbita luzatu nahi die herritarrei. Euskal zineaz gozatzeko aukera egongo da kultur etxeko auditorioan. Azarotik martxora, hilero euskarazko bi film proiektatuko dituzte Sutegin; lehen igandeetan haurrei zuzendurikoak, 17:00etan hasita, 3 euroren truke. Bigarren igandeetan, helduentzako filmak, 18:00etatik aurrera, 5 euroko sarrera ordainduta. 

Zine zikloa estreinatuko duen lehen filma, haurrei zuzendurikoa, sei egun barru, azaroaren 3an proiektatuko dute, 17:00etatik aurrera Sutegin; "Animal Channel". "Cathy zikoinak eta Nicolás saguak, euren zinema itxi beharko dute. Adorea eta irudimena dute ezaugarri eta horiexek erabiliko dituzte Aita Saguk zuzendutako telebista katea berrian lan egiteko berri-biltzaile ausart gisa. Laster ulertuko dute izarra izateko programa berezia behar dutela. Baina ez da erraza izango", honela hasten da "Animal Channel".

Azaroaren 10erako iragarri dute helduei zuzenduriko lehen filma. Duela gutxi estreinatu den "Amaren eskuak". Eta martxora bitarte, honako izenburuok osatuko dute Sutegiko film saila:

HAURRENTZAT:
-"Animal Channel".
-"Blackie kanuto".
-"Kiriku eta basapiztiak".
-"Malutatxo".
-"Ahmed, Alhanbrako printzea".

HELDUENTZAT:
-"Amaren eskuak".
-"Azken bidaia".
-"Mugaldekoak".
-"Sukalde kontuak".
-"Zorion perfektua".