Aitzaga Elkartearen aldeko mozioa aurkeztuko dute, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 29a, 00:00

Urriko azken asteartea gaur, osoko ohiko bilkura arratsaldeko 18:00etan hasita udalbatza aretoan. Urriaren 29 honetako saioan, azken asteotan albiste izan diren bi gai ahotan hartuko ditu udalbatzak. Herriraren aurka, iragan irailaren 30ean burutu zen polizia operazioa batetik. EAJ-PNV eta EH Bilduk mozioa aurkeztuko dute, udal ordezkariek baloratu eta bozka dezaten. Gasteizko Legebiltzarrean, polizia operazioa gertatu eta gutxira alderdiok batera adostu zuten testua da gaur pleno aretora eramango dutena.

Andoni Atxega EAJ-PNV zinegotziak urriaren 3an burutu zen premiazko ezohiko osoko bilkuran eginiko eskaeraren haritik dator, gaur aztertuko den testua. Saio hartan, Herriraren aldeko mozioa onartu zuen udalbatzak gehiengo osoz. Atxega testu haren aurrean abstenitu zen. Gasteizko Legebiltzarrean EH Bilduk eta EAJ-PNVk adostu zuten mozioa aurkeztu eta onartzea nahiago zuela adierazi zuen.

Gobernu taldetik, Mertxe Aizpurua alkateak arautegi kontua dela argudiatu zion EAJko zinegotziari. “Arauak ez du onartzen plenoa egiten den egunean beste mozioren bat edo horren ordezkoa aurkeztea. Baina guk ez dugu inolako arazorik hurrengo pleno batean mozio hori aurkezteko", zioen alkateak.

Hurrengo pleno hori heldu da, gaur izango da eta bertan eztabaidatu eta bozkatuko da, Herrirari loturiko mozioa.

"Epaiketa politiko gehiagorik ez!"
Ez da astearte honetarako iragarria dagoen testu bakarra. Urriaren 17az geroztik Espainiako Auzitegi Nazionalean, 35/02 sumarioari loturiko epaiketa martxan baita. 36 lagun daude auziperatuak, eta beste 110 herriko taberna edo elkarte, Usurbilgo Aitzaga tartean. Elkartea ixteko arriskuan da. Egoera honen aurrean, Aitzaga Elkarteak aurkezturiko mozioa aztertuko du udalbatzak, gaurko osoko ohiko bilkuran.

Hirigintza kontuak gainerakoan; Hiri Antolamenduko Plan Berezia ahotan hartuko dute udal ordezkariek. Baita irisgarritasun baldintzak hobetzeko udal ordenantza ere; hasieraz onartu edo ez bozkatu beharko dute. Datorren urtean, 2014an indarrean izango diren taxi tarifa berriak, eguneko beste hizpidea.

Astearte honetako osoko ohiko bilkurako gai zerrenda osoa, hemen:


1-Aurreko bilkuretako akten onespena:
-2013/9/24ko ohiko bilkura.
-2013/10/03ko ezohiko bilkura.
-2013/10/03ko ezohiko eta premiazko bilkura.

2-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-4 (Txagañeta) Sektorearen AASSen Aldaketa Puntuala.

3-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-99 (Portamusubera) eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren hasierako onespenari tartekatutako alegazioa erantzutea eta Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betikoz onartzea.

4-Irisgarritasun baldintzak hobetzeko udal ordenantza hasieraz onartzea.

5-Urdaiaga baserria birgaitzeko emandako udal baimena dela-eta, ezarritako eraikuntza, instalazio eta obra gaineko zergari hobaria aplikatzea.

6-2014. urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak onartzea.

7-Galderak, eskaerak eta mozioak:
7.1.-Aitzaga Elkartearen izenean aurkeztutako mozioa: "Epaiketa politiko gehiagorik ez!".
7.2. EH Bilduk eta EAJ-PNVk aurkeztutako mozioa: Herrira plataformaren aurkako erasoa.