Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko kanpaina abian

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 29a, 00:00

Nafarroako erriberan bertan ekoitzitako kalitate goreneko produktu sorta eder bat eska dezakezue azaroaren 14ra arte, NOAUA!ko egoitzara etorrita edo 943 360 321 telefono zenbakira deituta. Ondoko irudiko saskiaz ari gara. Otarra eskatu, eta azaroa amaieran jasoko duzue, 50 euroren truke. Saskiok erosita, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza lagundu eta bertako produktuen kontsumoa sustatuko duzue. Ordaindutako diru-kopuruaren %25a hain zuzen, eremu ez euskaldun gisa izendatua dagoen ingurune hartako proiektu zehatzetara bideratuko da; egoera larrian den Lodosako ikastolara; “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenera; eta Erriberako helduen euskalduntzea mantendu eta zabaltzera.

Hau guztia, Errigora ekimenak Erribera laguntzeko martxan jarri duen kanpainaren baitan. NOAUA! Kultur Elkarteak bat egin du, "Nafarroa hegoaldeko uzta, euskarari puzka" lemapean, ekimen hau auzolanean aurrera ateratzen ari diren Errigora, Zazpiak Bat, AEK, Ikastolak eta Sortzen elkarteekin. Iaz Zazpiak Bat Harreman Sarearen ekimenez martxan jarritako egitasmo hau, Ikastolen Elkartearekin batera garatu zen. 1.500 saski banatu eta duela gutxi Nafarroa Oinez ospatu den Tuterako Argia Ikastolara 34.000 euro bideratzea lortu zuten. Aurten, egitasmoari izen propioa jarri diote, Errigora, eta aurreko urteko lorpena hobetu nahi dute. “Gu guztion esku dago iazko helburuak biderkatzea gure lankidearengana, herriko udaletxera, ikasleen gurasoengana… lau haizeetara, saski hau zabaltzea. Egizu zure ekarpena, mereziko du!”, luzatu diete gonbita herritarrei. 

KALITATE GORENEKO PRODUTUAK
Hona hemen, produktu saski honi buruz jakin beharrekoak:
-Prezioa: 50 euro.
-Produktuak: bi botila olio (bat ekologikoa), 3 piper poto (bat ekologikoa), potxak, kardoa, borraja, orburuak, 2 zainzuri lata, tomate-pikillo saltsa (ekologikoa), barazki krema (ekologikoa).
-Egutegia:
Azaroaren 14ra arte: izen ematea eta eskaerak, NOAUA!ko egoitzan.
Azaroko azken astean: saskien banaketa eta ordainketak.

-Errigoraren berri hemen:
Facebook: facebook.com/ERRIGORAgara
Twitter: @errigora