Itaya, Ernai eta Usurbilgo Gaztetxeko kideek udan zehar burutu duten hausnarketa prozesuan erabaki dutena da. Orain arte bezala hiru ez, hemendik aurrera Usurbilgo gazte mugimendua bi eragileek osatuko dute: udaberrian jendaurrean aurkeztu zuten Ernai gazte erakundeak eta Gazte Asanbladak.
Honenbestez azken hiru urteotan hainbat ekimen antolatu dituen Itaya desagertuko da. “Itayak bere jarduna eta ibilbidea amaitu ditu, etorkizunerako lanak Gazte Asanbladari utziz”, adierazi dute Usurbilgo Gazte Asanbladako kideek, NOAUA!ra helarazi duten oharrean. Gazte Asanbladak, Usurbilgo Gaztetxea kudeatuko du, eta beste hainbat alorretan ere lan egingo du; haur nahiz helduentzako “aisialdi alternatibo, euskaldun eta parte hartzailea eskaintzen” esaterako. Gazteriaren sakabanaketarekin amaitu, ama lurra defendatu edota etxebizitzaren gaia, jorratuko dituzten beste lan ildoak izango dira. Bi astero biltzekoa da Gazte Asanblada, ostiral arratsaldez Gaztetxean.
Usurbilgo gazteen mugimenduak uda partean eginiko hausnarketa prozesuaren emaitza da hau guztia. Hona hemen, orain artekoa zehaztasun gehiagorekin azaltzeko, Usurbilgo gazte mugimenduak kaleratu duen oharra:
USURBILGO GAZTE MUGIMENDUAREN GARAPENA ETA GAUR EGUNGO EGOERA
Duela 3 urte inguru, Usurbilgo gazte problematikari kolektiboki aurre egiteko Itaya gazte asanblada sortu genuen. Itayan herriko adin ezberdinetako gazteak elkartu, aktibatu eta ekimen ezberdinak burutuz kalera atera ginen. Helburu nagusia elkarrizketetan ateratako gizarte arloko problemak lantzea izan zen (errauskailua, langabezia, euskararen egoera, identitate eta nazio zapalkuntza, Euskal Herriko gatazkaren egoera, etxebizitza, aisialdi alternatiboa...) eta bide batez herriko gazteon sakabanaketari amaiera ematea, elkar ezagutuz eta harreman naturalak sortuz.
2012ko abuztuaren 25ean Arkartasuna kooperatibaren eraikin hutsa okupatzea, Itaya gazte asanbladaren ekimena izan zen. Herriko norbanako zein eragile ezberdinen ekimenen erabilpenerako eta sormenerako, gune autogestionatu, ireki eta aske baten behar handia ikusi baikenuen. Erronka hau ilusio eta motibazioz beterik hartu genuen, urte guztian zehar ekintza mordoa burutuz Gaztetxean. Horregatik, gure ustez, argi geratu da Usurbilek gaztetxe baten beharra zuela eta duela.
Usurbilgo gazte mugimenduan, beraz, bi eragile nagusi aurkitzen ziren: Itaya gazte asanblada eta Gaztetxea. Bien bitartean, nazio mailan eta herrian bertan, Ernai gazte antolakundea sortze prozesuan aurkitzen zen, non Itayako eta gaztetxeko gazte batzuk parte hartu zuten prozesuan bertan. 2013ko ekainerako, Ernai eraikita eta iada lanean zegoen, ondorioz, herriko gazte mugimenduaren mapa aldatu egin zen eta bi eragile izatetik, hiru eragile izatera pasa zen.
Itaya, Gaztetxeak eta Ernaik, bakoitzak bere lan ildoak eta lanerako moduak zituen, hala ere, hiruren artean kohesio falta eta ondorioz gazte mugimendua indarra galtzen ari zela nabaritu genuen. Gazte batzuk bi eragiletan hartzen zuten parte, beste batzuk hiruretan, hainbat gaztek borrokatzeari utzi zioten...horregatik, egoera ezegonkor honen aurrean alternatiba bila, uztaila eta abuztua bitartean, herriko gazte mugimenduaren hausnarketa prozesua abian jartzea erabaki genuen.
Prozesuan zehar, hiru eragiletako gazteok hartu genuen parte. Eztabaida luze eta interesgarriak izan genituen, mugimendu bakoitzaren lan ildoak zehaztu genituen eta ondorio eta erabaki garrantzitsu hauetara iritsi ginen: Usurbilgo gazte mugimenduak bi eragile izango ditu, batetik, Ernai gazte erakundea (independentzia, sozialismoa eta feminismoa) eta bestetik, Gazte asanblada.
Gazte asanblada berriaren hemendik aurrerako zeregin edota lan ildo nagusiak gaztetxearen kudeaketa, aisialdi alternatibo, euskaldun eta parte hartzailea eskaintzea (haur nahiz gazteei zuzendua), gazteriaren sakabanaketarekin amaitzea eta beste hainbat arlo lantzea izango dira, tartean amalurraren defentsa eta etxebizitzaren gaia.
Itayak bere jarduna eta ibilbidea amaitu ditu, etorkizunerako lanak Gazte asanbladari utziz, horregatik, gazteon kezka eta arazo kolektiboei aurre egiteko borrokan jarraituko dugu. Gazteok elkartu, elkar ezagutu eta gure borroka kalera atera behar dugu, eta sistema kapitalista zapaltzaileari gazte izateaz harro gaudela erakutsiko diegu.
Animatu hadi gazte asanbladan parte hartzera, elkarren arazoei aurre egin eta bide batez, zergatik ez, gazteon artean harreman berriak sortu eta elkarrekin ondo pasatzera. Asanbladak gazte, heldu nahiz eragile guztientzat irekiak izango dira eta bi astetik behin elkartuko gara, normalean ostiral arratsaldetan gaztetxean. Hala ere, asanbladako ordua eta eguna jakiteko gaztetxeko facebookean ikusteko aukera izango du edonork.
GORA USURBILGO GAZTE ASANBLADA!!!
GORA USURBILGO GAZTE MUGIMENDUA!!!