Aitzaga Elkartearen eta Herriraren aldeko mozio bana onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2013ko urr. 29a, 00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalean abian diren epaiketen aurkako mozioa onartu du gehiengo osoz udalbatzak, gaur arratsaldean burutu den osoko ohiko bilkuran. Epaiketa politiko gehiagorik ez egitea eskatzen du, eta "eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela". Besteak beste, 35/02 sumarioan Aitzaga Elkartea auziperatua dago, eta "Epaiketa politiko gehiagorik ez!" izenburupean aurkeztu den testuak ohartarazten duenez, "bere ondasun guztiak konfiskatzeko arriskua dago". Esandakoa, Aitzaga Elkarteari loturiko mozioa gehiengo osoz onartu dela, EH Bildu koalizioko aldeko bozkekin. EAJ-PNV, Hamaikabat eta PSE-EE abstenitu dira. "LIBRE" mugimendutik Aitzaga Elkartearen aldeko mozioari babesa adierazteko, udalbatza aretora gerturatzeko deia egina zegoen. Gonbita honekin bat eginez, herritar talde bat gerturatu da, "Aitzaga libre" zioten kartelak eskutan zituztela.

Irisgarritasuna hobetzeko udal ordenantza ere, aurrera atera da
Epaiketa politikoen aurkakoa, ez da astearte honetako osoko bilkurako gai zerrendan aurreikusia zegoen mozio bakarra. EAJ-PNV eta EH Bilduk Herriraren aurkako polizia operazioari loturiko bigarren testu bat ere aurkeztu dute eta. Atxilotuei eta elkarteari ezartzen zaizkien karguak bertan behera uztea eskatzen du mozio honek. EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko bozkekin onartu da testua. PSE-EE eta Hamaikabat abstenitu dira. 

Hirigintza alorreko beste bi erabaki ere onartu ditu udalbatzak; Txagañeta eremuko Arau Subsidiarioetako Aldaketa Puntuala eta Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betikoz onartzea. 2014rako taxi tarifa berriak ere baditugu jada; datorren urtean %2,2ko igoera aplikatuko zaie, herri barruko taxi zerbitzuko tarifa berriei. Eta etxe barruko irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartu asmo ditu Udalak. Gai honi loturiko ordenantza hasieraz onartu du udalbatzak aho batez.