Espainiako Auzitegi Nazionalean abian diren epaiketen harira (tartean, 35/02 edo "herriko tabernen" auziari loturikoa), udalbatzak mozioa onartu zuen atzo gehiengo osoz, osoko ohiko bilkuran. 36 lagunekin batera beste 110 herriko elkarte edo taberna auziperatu baitituzte, Aitzaga Elkartea tartean. Hain zuzen, gaur hasiko dira Madrilen deklaratzen lekuko gisa, elkarte guztiotako ordezkariak. "Aitzaga Elkartea bera ere inputatua da. <> Entzutegi Nazionalaren teoria aplikatuta, erakundea diruz lagundu izana leporatzen zaio", dio testuak. Mozioak berak, gerta daitekeenaz ohartarazten du: "Orain, salbuespenezko epaitegiak ETArekin kolaboratzea ontzat emango balu, bere ondasun guztiak konfiskatzeko arriskua dago". Gaineratzen dutenez, bada herritar bat gainera, Marisa Alejandro, behin behinean aske, baina "bere militantzia politikoagatik noiz epaituko duten zain".
Epaiketa hauek, Euskal Herrian ireki den garai berriaren aurkako erasoak direla dio mozioak, eta Estatu espainolak mendeku politikoa bilatzen duela.
Honen guztiaren aurrean, Aitzaga Elkarteak aurkeztu eta atzo udalbatzak gehiengo osoz onartu zuen testuak jasotzen duenez, epaiketa politiko gehiagorik ez egitea eskatzen da, edota epaiketa guztiak artxiba daitezela. Aitzaga Elkarteari babesa adierazten dio mozioak, eta babesa adieraztera joan zen herritar talde bat atzo, pleno aretora, aurrez Usurbilgo LIBRE mugimenduak eginiko gonbitarekin bat eginez, "Aitzaga libre" zioten kartelak eskutan zituztela.
Testua, EH Bilduren aldeko bozkekin onartu zen. PSE-EE, Hamaikabat eta EAJ-PNV abstenitu ziren. Bozketa aurretik eta adierazpenen tartean, mozioa babestuko zutela iragarri arren, Aralar taldeak zehaztasun bat egin nahi izan zion onartzera zihoazen testuari. Mozioarekin ados egon arren, testuak Aitzaga herriko taldeei eta herritar orori beti irekia egon dela dio. Esaldi horrekin desados agertu zen Aralar taldea. Euren esanetan, iraganean, bertara sartu ezinik egon zirela adierazi zuten.
Honatx, atzo gehiengo osoz onarturiko mozioak dioena, bere osotasunean:
EPAIKETA POLITIKO GEHIAGORIK EZ!
Urriaren 14an eta 17an hamarnaka euskal herritarren aurkako epaiketa hasi zen Espainiako Entzutegi Nazionalean. Azken urteetan zain egon ondoren, batzuen kasuan gainera hamaika urte baino gehiago, epaiketa azken urratsera heldu da.
Urteetako ibilbideak argi eta garbi erakutsi du, salbuespenezko legeriaren itzalean, lan politikoa egiten ari ziren euskal herritarrak zigortu dituztela. Ehunka izan dira herri honetan, hauteskundeetan parte hartu nahi izateagatik, herri proiektuak aurrera ateratzen lana egiteagatik, sektore desberdinen kezkak bere egin eta politikoki erantzuteagatik auziperatu eta espetxeratu dituztenak.
Usurbilen bertan badugu herritar bat egoera jasanezin honetan, Marisa Alejandro hain zuzen ere. 50.000 euroko bermea ordainduta, 2010eko apirilaz geroztik behin behineko askatasunean da, bere militantzia politikoagatik noiz epaituko duten zain.
Are, 35/02 deituriko sumarioan, beste 110 bat elkarte bezala, Usurbilgo Aitzaga elkartea bera ere inputatua izan da. "Dena da ETA" Entzutegi Nazionalaren teoria aplikatuta, erakundea diruz lagundu izana leporatzen zaio, argi baino argiago denean elkarteko kideen ahaleginez sortutako eta zailtasunez mantendutako elkartea dela, herriko dinamikan txertatua, eta herriko taldeei eta herritar orori bere ateak beti ireki dizkiona. Orain, salbuespenezko epaitegiak ETArekin kolaboratzea ontzat emango balu, bere ondasun guztiak konfiskatzeko arriskuan dago. Zalantzarik ez dugu: epaiketa honekin Estatu espainolak mendeku politikoa bilatzen du.
Euskal Herrian, konponbide eta bake haizea indartsu dabilen honetan, iraganeko egoeretara itzultzerik ez du onartzen gizarteak. Sufrimendu fasea gainditu eta elkarrizketa, akordioa eta aukera politiko guztiekiko errespetua oinarri izango duen egoera behar dugu. Eta kontrako norabidean ematen diren urratsak baztertu egin behar direla argia da.
Bi epaiketa hauek, eta jarraian burutuko direnak testuinguru berean emango direla kontuan hartuta, garai berria zabaltzeko Euskal Herriak agertu duen erabakiari eraso egiten diete, konponbide baketsua blokeatu asmoz.
Hau guztia kontuan hartuta, udal honek honako erabaki hauek hartzen ditu:
-Ez daitezela epaiketa politiko gehiagorik egin.
-Eskandaluzko instrukzio bidegabeetan oinarritutako epaiketa guztiak artxiba daitezela.
-Prozedura judizial guztietatik etsaiaren zigor zuzenbidearen aplikazioa desager dadila.
-Aniztasun politikoa eta elkartze, nahiz adierazpen nahiz askatasun politikorako funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela.
-Elkarbizitza demokratikorako oinarri sendoak ezar ditzagun.