KPI igoera baino ez da aplikatuko datorren urterako taxi tarifen igoeran. Hala erabaki zuen udalbatzak aho batez, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Herri barruko auto taxien tarifa berriak onartu ditu beraz Udalak, 2014rako.
Taxien elkarteetatik bi proposamen jasoak zituzten; G. Taxi eta Agitax elkarteenak. "Bi proposamenak aztertu ondoren eta aurreko urteetan finkatutako irizpidean oinarrituz, KPIaren igoera bultzatuz, gehiengoz, AGITAXek aurkeztutako proposamenaren alde" bozkatu zuten Buruntzaldeko udal ordezkariek, irailaren 20an Lasarte-Oriako udalean egin zuten bileran. Eta hitzordu hartan bailarako udal ordezkarien gehiengoaren babesa jaso zuen AGITAXek eginiko proposamen hau izan zen hain zuzen, gobernu taldeak atzoko osoko bilkurara eraman zuena. Tarifa berriak aho batez onartu ostean, erabakia Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari helaraziko zaio, "behin betiko onespena eman dezan". Ziurtagiri bat bidaliko zaie baita herriko taxi titularrei, G. Taxi Gipuzkoako Taxien Elkargoari, AGITAXi, Foru Aldundiko Garraio Departamenduari eta Gasteizko Ekonomia eta Ogasun Departamenduko arduradunari.
2014rako TAXI TARIFA BERRIAK
LAN EGUNETAN, 7:00etatik 22:00etara:
Gutxiena: 5,1200 euro.
Egindako kilometroak: 1,0885 euro.
Itxaro ordua: 20,8880 euro.
22:00etatik 7:00etara, LARUNBATETAN ETA ABENDUAREN 24 eta 31n 7:00etatik 22:00etara, eta IGANDE ZEIN JAI EGUNETAN:
Gutxiena: 6,1028 euro.
Egindako kilometroak: 1,7436 euro.
Itxaro ordua: 32,8274 euro.